Batzuen ustez, euskararen normalizazioa bidegurutzean dago, une kritikoan. Nire ustez, bidegurutzean etengabe dago, egoera minorizatua izanik, une bakoitzean hartzen diren erabakiek eta egiten direnek ekar dezaketelako aurrera edo atzera egitea. Horrenbestez, nire kezka ez da bidegurutzean ote gauden, baizik eta paralisi egoeran gaudela, euskara ez dela lehentasunezko kezka ez maila sozialean ez politikoan, eta normalizaziorako baino egoeraren kronifikaziorako aukera handiagoa dugula. Eta, egoera horretan, euskalgintza txikira ari da jokatzen.
Hortik abiatuta, bi ideia landu nahiko nituzke: zer egin behar den euskararen presioa azkartzeko, eta gizarte eragileen egitekoa zein den horretan, nola jokatu beharko luketen.
Euskararen presioa azkartzeko, nik uste dut oinarrizko gakoa euskara beharrezko egitea dela. Nabaria da gure inguruan ingelesa ikasteko, ingelesez ondo egiteko dagoen interesa. Hori ez da gertatzen ingelesa mundu guztiari zerbait erakargarri eta eder gertatzen zaiolako, beharrezko ikusten dutelako baizik; izan lanerako, denbora-pasarako edo bidaiatzeko, berdin dio, baina beharrezko, balio handiko. Horixe da gakoa: nola egin euskara beharrezko eta baliozko. 90eko hamarkadan, ondorioztatu zen euskara ikasteko arrazoi identitarioek ez zutela balio eta arrazoi pragmatikoen bidetik jo behar zela; baina horrek ez du asko balio izan, eta ez du balio izan pragmatikoa ez delako herri honetan euskara ikasten denbora ematea, ez baita beharrezko. Behar hori ez badago, zaila da euskal herritarrek euskara ikasi eta erabiltzeko interesik sentitzea, are gutxiago behin eta berriz elikatzen badira euskara traba dela dioten mezuak.
Euskararen beharra sentitzeko, ezinbestekoa da gero eta gehiago erabiltzea, euskaraz funtzionatzen duten gero eta eremu gehiago izatea; horretarako, beharrezkoa da jendeak euskaraz jakitea, bestela ezin baita erabili. Ezintasuna batez ere euskaraz ez dakienak jartzen du, eta hark egin behar du euskalduntzeko bidea, baina euskaldunongan jarriko dut une honetan zama nagusia: euskaraz dakienak bazter guztietan euskaraz egiten duen neurrian bakarrik ulertuko du erdaldunak arazoaren parte dela, eta euskalduntzeak bideak irekiko dizkiola bizitzeko (ingelesarekin bezala, zeinaren zama hain normal ikusten dugun).
Euskaldunon aktibatze azkar baten beharra dugu euskararen normalizazioan urrats sendo bat egingo badugu. Euskara bazter guztietan eta etengabe erabiltzen dugun neurrian, euskarari ikusgarritasuna emango diogu, eta hortik abiatuta has gaitezke beharra ikusarazten (adibidez, euskaraz dakien orok hedabideen aurrean bakarrik euskaraz egiten badu: erdaldunak ikusten hasiko dira zenbatek egiten duten euskaraz, eta euskal herritar erreferente asko euskalduna dela; euskaldunok ikusiko dugu euskaraz bizi daitekeela; eta hedabideak behartuta egongo dira langile euskaldunak hartzera). Oso lasai eta eroso bizi den elebakar hori egoeraz jabe dadin lortu behar dugu, ez egunero zer egin behar duen esanaz, gu euskaraz biziz baizik, ikusi arte arazoa ez garela elebidunak, euskara ikasi ez dutenak baizik, eta bereziki ikasi nahi ez dutenak.
Euskararen normalizazioa ezin da soilik eremu sozialeko ahaleginera mugatu: ezinbestekoa da instituzioek euskararen behar hori sortuko duten politikak egitea. Hori eragiteko, euskaraz bizitzeko giro soziala indartu behar da.
Giro soziala sortu behar da, presio soziala areagotu behar da, eta presio hori, izatekotan, euskararen gizarte eragileen ekimenari esker etorriko da. Ona litzateke gizarteko beste eragile batzuen edo norbanakoen interesarengatik gauzatzea, baina orain ez dirudi hori gerta daitekeenik.
Euskalgintzak, euskararen gizarte erakundeek egin duten ekarpena oso garrantzitsua izan da orain arteko bidean, asmatu duenean bere mezua gizartean txertatu eta jarraitua izatea. Ikastola eta gau eskolen mugimenduak gizartea mobilizatu zuen garai batean euskara ikastera, eta, hari esker, gerora hezkuntzan eredu euskalduna zabalduz joan da eta helduen euskalduntze-alfabetatzea normalizatu egin da, eskaintza sare guztietara zabalduz. Herri ekimena gauza izan denean aurrera egin eta bidea erakusteko, administrazioak ere egin ditu urratsak —Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bikain; Behatokia eta Elebide—.
Horixe da, hain zuzen ere, gizarte ekimenaren egitekoa, aurrea hartu eta bidea markatzea, aktibatzea. Euskalgintzak asko begiratu dio azken urteotan emakumeen borrokari; bada, argi erakutsi digu mugimendu feministak indarra hartu eta urratsak egiteko gai izan denean hasi direla erakundeak eta gizartea serio hartzen emakumeen egoera. Mugimendu feminista ez da zain egon gizartearen, administrazioaren eta mugimenduaren arteko kontsentsua noiz iritsiko, eta horren arabera urratsak egin, baizik eta baldintzatzen saiatu da, egoeraren larriaz jabe gaitezen eta kezkarekin bat egin dezagun.
Euskararen gizarte erakundeak duela urte batzuk dinamika horretan zeudela esango nuke, eta gaur egun, berriz, gelditzea baino ez dakarren kontsentsu baten zain; bidean lortu behar dena, lanarekin lortu behar dena, aurretik eduki nahian. Bide propioa egin behar dugu; aurrera egiten den neurrian, gainerakoak ere etorriko dira.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN? BIDEBERRITZEN
Euskaraz biziz, eragin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu