Pentsa eskuan kubo bat duzula. Begiratu alde bat, gero beste bat, gero bestea... Zer ikusten duzu? Sei karratu berdinez osatutako figura geometriko aspergarri eta zurruna, ezta? Orain hartu erpinetako batetik, edozeinetatik, eta begiratu iezaiozu berriro. Hor dago. Ez al duzu ikusten? Diamantea da! Bai, kuboa kuboa izan liteke, edo diamantea, perspektiba kontua da, nondik, eta, batez ere, nola, begiratzen diogun.
Beste horrenbeste gertatzen da bizitzaren alor gehienekin, baita euskara batuarekin ere. Diodana azaltzeko autoetnografiara joko dut, horrek sor ditzakeen distortsioak aintzat hartuta. Euskara batuak egin gaitu euskaldun ni eta nire belaunaldiko asko. Batuan, niretzat artean euskara besterik ez zen horretan, igaro nuen haurtzaro eta gaztaro guztia. Umetan etxeko eta eskolako hizkuntza zen, kalean gaztelaniaz aritzen baikinen, herriko gainerako guztiak bezalaxe. Bueno, etxekoa eta eskolakoa izateaz gain, telebistakoa ere bazen, gure heroi eta erreferente nagusi zen Son Gokuk euskaraz egiten baitzuen. Nerabezaroan, eskualdeko, Enkarterriko, lagun berriak egin eta gure artean, tarteka, euskaraz aritzen hasi ginen. Garai hartan niretzat euskara hizkuntza ahalguztiduna zen, beste guztien pareko. Dena aitortzera, oso litekeena da erabiltzen genituen lagunarteko hizkerako formula asko erdaratik etortzea edo zuzenean gaztelaniaz esatea. Baina kontua ez da hori. Gakoa da ez nintzela kontziente, eta ez niola erabiltzen nuen euskarari inongo mugarik ikusten ezertarako. Halere, iritsi ziren lehenengo sintomak, eta gure artean «hemendikan», «ez det», «ez dozu»... eta horrelakoak erabiltzen hasi ginenean. Sintometatik erabateko gaitzera unibertsitate sasoian pasatu nintzen. Orduan etorri zen egiten nuen euskarari artifiziala, plastikozkoa, ez-naturala, asmatutakoa, bigarren mailakoa, formalegia eta gisako izenondoak eransteko unea. Hala sentitu nuen, inork hitz horiek zuzenean esateko beharrik gabe. Euskalkiduna izan ala ez, horrek banatzen zituen lagun taldeak. Euskara batudunen artean, berriz, erdara zen nagusi. Eta zer egin nuen, bada, egoera horren aurrean: nire euskara performatu eta han-hemengo euskalkiekin nahastu. Lagunarteko euskararen bila euskalkietara jo nuen. Diamantetzat nuena kubo izatera pasa zen, eta ordura arte hainbeste eman zidan euskara, batua, abandonatu nuen.
Uste dut bizitakoak hausnarketarako parada ematen duela. Batetik, bere sorrera bizi izan ez genuenontzat, euskara batua diskurtsiboki baino ez da artifiziala, hastapenetako ika-miketatik gaur arte belaunaldiz belaunaldi transmititutako narratibetan. Alegia, arazoa ez da euskara batuaren izatea, arazoa ez da produktua, marka baizik. Halere, irudi horrek guztia zipriztintzen du. Euskalkiak benetakotasun ikur gisa eta batuaz aritzen diren hiztunak deslegitimatzeko erabiltzen diren bitartean, euskarak irabazi beharreko eremuetako hiztunak uxatzen jarraituko dugu.
Formaltasunaren auziari dagokionez, nago euskalkian esandako guztia euskara batuan inolako arazorik gabe esan daitekeela. Minutu bateko moldapena baino ez du behar. Gure belarriek eta mundu akademikoarekin lotzeak (hau da, markak) egiten dute bata bestea baino formalago. Egia da, euskaraz, orokorrean, zer landu handia dugula ahozkotasunean. Horren harira, askotan aipatzen da euskalkietatik aberastu behar dela batua. Horren zalantzarik ez. Baina hori bezain garrantzitsua da, besteak beste, batutik pentsatzen duten hiztunek ere aberastea, hizkuntza biziek etengabeko lokuzio eta esamolde jarioa behar baitute, garai berrietara egokituta. Eta hori ezin dute hizkuntzalariek bakarrik egin, ez behintzat lagunarteko kaleko eremuan. Hori hiztunek egin behar dugu. Euskara informala batuan (ere) izango da, edo ez da izango.
Bidegabea litzateke euskaldunoi gure egoeraren zorigaitzaren erru guztia lepo gainera botatzea, beste hizkuntza boteretsuago batzuk bultzatu eta askotan inposatu nahi dituzten bi estaturen artean bizita. Hala eta guztiz ere, gure esku dagoenetik hastea ez da abiapuntu txarra. Euskara batua euskara izatera igaro beharko da noizbait. Izenondoaren premia ez duenean izango da benetako batu. Horretarako asko lagunduko luke diamante gisa ikusten eta erabiltzen hasiko bagina. Horrela zorroztuko baitizkiogu ertzak eta horrela emango baitiogu merezi duen distira.
EUSKARA BATUAK 50 URTE
Euskara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu