Artikulu hau idazteko proposamena jaso nuenean, arreta Bilbon eta Ezkerraldean jartzeko aipatu zidaten. Harrezkero, Bilbo Handiari begira eman ditut azken egunak, inguruari behatzen eta belarriak tente, ea zein hizkuntza aditzen den han eta hemen!
Egunak igaro ahala, hasieran nuen susmoa berretsi baino ez dut egin: euskararen erabilera oso urria da, bai ahozko harremanetan, baita paisaia linguistikoari dagokionez ere. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zer ondorio aterako duten turistek; gustura galdetuko nieke ohartu ote diren, gaztelaniaz harago, euskara ere bertoko hizkuntza dela, geurea. Izan ere, harrigarria da zenbat tabernatan edo dendatan bizi diren euskarari bizkarra emanda. Min ematen du ikusteak bistan dauden menuetan edo karteletan, euskara ez, baizik ingelesa dela nagusi.
Hala ere, jakina da Bilbo Handian bizi dela euskaldun gehien; horrez gain, inguru honetako euskaltegietan dago matrikulatuta euskara ikasten ari diren helduen laurdena. Ikasturte honetan, esaterako, ia 9.000 lagun dabiltza euskara ikasteko abenturan murgilduta, aurreko ikasturtean baino 500 gehiago! Horrenbestez, esan dezakegu euskararen ezagutza-tasak ez direla urriak.
Arazoa beste nonbait dago. Non, baina? Bada, nik esango nuke euskarak ez duela prestigiorik, ez dela kosmopolita, guay-a ingelesa dela. Alabaina, barneratu beharra dugu Bilbo Handian jatorrizko hizkuntza bat dagoela barren-barrenean, milaka pertsona ari direla hizkuntza hori ikasten eta hizkuntza horretan bizitzen, eta Bilbo Handiak haiei ere begiratu behar diela.
Nire ustez, Bilbon eta inguruetan lan izugarria egin behar da euskarari prestigioa emateko. Premiazkoa da euskara cool izateko ahaleginak egitea, eta estrategiak berandu baino lehen abiatzea. Esaterako, paisaia linguistikoa euskaratu egin behar da; izan ere, egun, taberna, negozio eta, okerrena dena, toki publiko askoren izenak ez dira euskaradunak. Arlo horretan, erantzukizun handia dute tokian tokiko administrazioek. Irekiera-baimenak ematerakoan, adibidez, ez legoke batere gaizki euskararen erabileraren aldeko irizpideak zehaztea.
Halaber, aisialdiko ekimenetan edota kultur programazioetan nabarmen areagotu beharko da euskararen presentzia. Are gehiago, arreta handia jarri behar zaie gazteei begira egiten diren ekimenei: euskarazkosormenari lehentasuna eman behar zaio, eta sortzaileak gazteak izan daitezela. Horretarako, baina, baliabideak jarri behar dira.
Prestigioa eskuratzeaz gain, Bilbo Handian (eta beste hainbat tokitan) euskarak bere tokia hartu behar du, hainbat hizkuntza eta kultura anitzen artean. Inguru honetan, oraindik euskarara hurbildu ez diren asko eta asko bizi dira; bada, euskarara erakarri behar ditugu. Horretara dator 20. Korrikak barreiatuko duen leloa: Batzuk!
Hitz-jokoa da: Bat, Zuk, Batzuk. Bat, euskaraz bizi garenok gara, aspalditik dihardugu geure hizkuntza sendotzen, etorkizun hobea nahi baitugu. Bat asko biltzen dira Bilbo Handian, eta guztiak saretu behar dira, erlabioek egiten duten bezala sarea handituz joan dadin. Zuk, oraindik euskarara hurbildu ez direnak dira; horiengana joko du, hain zuzen, 20. Korrikak, gugana erakartzeko, euskara ezagutzeko eta gurekin hitz egin dezaten, ohar daitezen gure hizkuntzak haiek eta haienak gu aberasten gaituztela. Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea baita, kultura unibertsalaren alde, alegia.
Sarritan esan izan da euskararen geroa Bilbo Handian dagoela, berton bizi baitira Euskal Herriko biztanle guztien erdiak baino gehiago. Bada, euskarak partida hori irabaziko du euskarara gerturatu ez direnek Zuk izateari utzi eta Bat bilakatzen direnean. Euskaldun guztion erantzukizuna da bide hori erraztea, hurbilketa erakargarri egitea, eta administrazioena, berriz, euskara ikasteko eta praktikatzeko baliabide nahikoak jartzea. Halaxe, Batzuk gero eta gehiago izango gara Bilbo Handian eta euskararen lurralde osoan!
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN?. BIDEBERRITZEN
Euskara 'cool' bihurtzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu