Hizkuntza eder baina soilik larrekoa izateari utzi eta noranahikoa bilakatzeko bidean, euskarak hiztun eta erabilera esparru asko irabazi ditu azken mende erdian, oraindik asko badago ere eginkizun. Batuaren aldeko apustua egin —eta irabazi— izan ez balitz, ameskeria litzateke gaur egungo egoera.
Arrakastaren albo kalteen artean, bi hauek behintzat: batetik, zabaltzen ari garen euskararen kalitatearena; bestetik, euskararen erabilera ez dela ezagutzaren erritmo berean hazten. Azken horrek kezkatzen bide gaitu gehien, baina ohartu —eta onartu—behar genuke euskararen kalitate eskasaren ondorio dela, neurri handi batean, erabileraren desertzioa.
Egoera berriak estrategia eta bide berriak eskatzen ditu. Euskaraldia da horren adibide: jarrerak jarrera, zuzenean jokabidean (erabileran) eragitea da orain kontua (Mintzalaguna eta Mintzodromoen bidetik).
Aldez, estrategia egokia deritzot, euskara jakin arren erdaraz aritzen diren gehienak euskaltzaleak baitira (eta D ereduan heziak, dena esateko): maite-maitea dute euskara, baina egoera eta esparru gutxi batzuetan baino ez zaie baliagarri. Kalitate kontua da, azken batean (oroit Mitxelena: hizkuntzaren kalitatea eta aizkorarena irizpide berberaz neurtu behar dira).
Euskal hiztun elebakarrik ez dago, euskaldun guztiok gara gutxien jota bi hizkuntzaren jabe. Beraz, kuttun-kuttuna duen hizkuntza, euskara, motz geratzen zaion egoeretan, hiztunak hain maitea ez duen beste hizkuntza, erdara, erabiliko du beti edo gehienetan.
Euskal hiztun gazte gehienak euskaraz aiseago moldatzen dira egoera formaletan, informaletan baino. Bizitzaren zatirik handiena egoera informaletan doakigu, ordea, eta hor komeriak dituzte gazte horiek, askok estandarra beste erregistrorik ez baitute.
Iñaki Segurolak, ohiko bere estilo bizian, euskaraz aritzeko kontzientziak harrapatzen ez dituen une, egoera eta esparruen zerrenda eskaintzen digu: «... ezin harrapatu ditu jolas-ordu guztiak edo estualdiak, edo oihu egin beharreko orduak, edo neurri gabeko poz edo etsimenduzkoak, onerako edo txarrerako samurraldi gordinenak, ostiaputako amorrazioak; (...) Ez du eskurik doinu zuri neutro batetik haratagoko esanetan: hor ez da euskararik ahoraino iristen...».
Erregistro informalen eskasia (gabezia?) ez da gaitz arina, euskarak duen arazorik larriena baizik. Hala, bada, euskararen baitan erregistro informalak lantzeari erabateko lehentasun estrategikoa eman behar genioke. Hori gabe, Euskaraldia eta gisako ekimenak antzu ez bada herren geratuko dira beti: jendeak euskarari «kaixo!» esatea lortuko dugu, baina ekitaldia amaitu orduko «adio» ere esango dio, axola dioten kontuetan euskara baliagarri ez zaiola ikusita.
Uste nire ustez ustel batek sinonimotzat-edo jotzen ditu euskara estandarra eta erregistro formala. Bide arriskutsua da hori. Irene Arraratsek, BERRIAk ireki duen leiho honetan bertan ondo zioenez, «estandarra malguago» behar dugu, «erregistro informaletarako ere balioko» duena. Estitxu Garaik ere antzera: «Euskara informala batuan (ere) izango da, edo ez da ezer izango».
Estandarraren aitzakian, hizkera zurrun bat, eredu astun eta monolitiko bat hedatu da bazter guztietara. Erabileraren gainbehera geldituko badugu, nahitaezkoa da askotariko erregistroak landu, zabaldu eta erabiltzea.
Ez da egin ezinezko ezer: idazle eta itzultzaile onek lan miresgarria egina dute hor, eta euskarak dentsitate handia duen inguruetan egunero baliatzen dira erregistro informal biziak. Tamalez, idazle-itzultzaileen aurkikundeak ez dira euskaratik bizi diren profesionalengana iristen, eta tokian tokiko esapideak sortutako lekuan geratzen dira, euskararen nazio osorako bidea aurkitu ezinik.
Hedabideak eta hezkuntza sistema dira oker hori zuzentzeko tresnarik eraginkorrenak. Hor ari diren profesionalei, Anjel Lertxundik Zu eleberrian aipatzen duen Ebaristo Uranga sendagilea jarriko nieke eredutzat: «medikuntzatik bizi naiz, bai» esaten omen zuen Urangak, «baina medikuntza biziz». Euskararen profesionalei ere badagokie, euskaratik bizi direnez gero, euskara bizitzeko ardura.
Erakundeei, berriz, euskara bizitzeko estrategia argi bat eskatuko nieke aurrena, euskaratik moldatua. Eta, horren hurrengo, hauxe: baliabide guztiak horretara jar ditzatela, inertzia, konplexu eta beldur guztien gainetik.
EUSKARA BATUAK 50 URTE
Euskara: bizi badugu, biziko gaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu