Javier Clemente izendatu dute euskal selekzioko entrenatzailea berria, eta hasi dira jada maiatzaren 29an Panaman jokatuko den partidarako taldea prestatzen. Azken egunotan hainbat komunikabide eta albistetan presente izan dugu Clementek aurkezpen egunean esandakoa. Bere karrera profesionalean zerbait faltatuko litzaiokeela euskal selekzioa entrenatuko ez balu; beretzako, hau, lana barik, sentimenduarekin lotuta dagoen zerbait dela, eta gure koloreak jantziz, gure taldea baina, baita ere,gure herria defendatzen ditugula. «Euskalduna naiz, euskaldun sentitzen naiz, eta uste dut futbolaren bidez asko lagundu dezakegula gure herria». Guztiz ados zurekin. Futbolak herriaren markan laguntzen du, hau da, herri bat nazioartean posizionatzen laguntzen du; eta gure koloreak defendatzen ditugunean, gure herria ere defendatzen eta zabaltzen ari gara. Gainera, berak dioen moduan: «Herri independente bat garen egunean, gure selekzio propioa izango dugu. Horrela ez gara hutsetik hasi beharko ofizialak garela esaten digutenean».
Aurkezpen egunean esandakoen artean, niretzako deigarriena, eta zergatik ez, politena, izan da 19 jokalari horien artean ez direla bakarrik Euskal Herrian jaiotakoak izango. Clementeren ustez, 1980ko hamarkadan ere Athleticen zegoenean esan zuen bezala, Euskal Herritik arrazoi batengatik edo beste batengatik joan behar izan zutenen ondorengoak ere egon beharko lukete. Hau da, diasporako kideek ere euskal selekzioan eta Athleticen jokatu beharko luketela uste du. Errepikatzen du hori iritzia baino ez dela, ez erabakia, eta bere gainetik asko daudela hori horrela izango den edo ez esango dutenak.
Ez da, beraz, erabaki bat, eta, are gutxiago, erabaki erraz bat, batez ere, hainbeste urtetan errotutako zerbaiten desberdina denean. Hala ere, bada lehen pauso bat publiko egitea eztabaida, eta aurrera eramatea posible dela ikustea. Gainera, euskal selekzioak horren aldeko hautua egiteak Athleticen ere hori egitea posible dela erakutsiko digu. Egungo gizartean batzuk bagoaz, beste batzuk bagatoz, eta, horren ondorioz, ugari dira diasporaren parte direnak. Munduan zehar ia 200 euskal etxe ditugu, gure kultura, identitatea eta herria munduan zehar zabaltzen dutenak. Gure taldeetan euskaldunak nahi ditugu, baina, esan bezala, asko dira hemen jaio ez arren, euskaldunak direnak eta gure herriarekin lotura dutenak. Zaila izango da hori definitzea eta abizena, sentimendua, sustraia, lotura eta identitatea funtsezkoak izango dira honetan guztian. Hala ere, uste dut apustu polita dela eta emaitzak oso positiboak izan daitezkeela. Horrela, euskal selekzioak, alde batetik, herriaren markan lagunduko du; baina, horrez gain, kanpoan dauden euskaldunekin jokatzen badugu, sare eta zubiak sortzea erraztuko du.
Clemente, esan duzu zure ibilbidean hutsune bat egongo litzatekeela euskal selekzioa entrenatuko ez bazenu; euskal selekzioak ere hutsune bat izango du zure iritzia erabaki positibo bihurtzen ez bada eta jokalari horiek taldetik kanpo gelditzen badira.
Euskal selekzioan nahi zaitugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu