Euskal Eskola Publikoaren baratzea anitza da. Urte luzeetan uzta oparoa eskainitakoa da, baina aurrera bidea egin dezan tresna egokiak beharrezkoak ditu eta hauek eraikitzeko lanean dabil. Ahalduntze prozesu sakonean murgilduta dago azkenaldian, eta ikastetxeen arrakasta bilatzen zuten prozesu isolatuetatik arrakasta sistemiko saretua bihurtzeko nahia duen mugimendu ekintzailea nabaria da bere lur azpiko bulkadetan.
Baserri giroan zein landa eremuan hazitakoek badakite ongi neguko lana zein garrantzitsua den udako uzta oparoa izan dadin. Ondo jakin ere lursaila egokiro jorratu ahal izateko neguko egurats baldintzak aldekoak izan behar direla lur emankorra landu ahal izateko eta debaldeko esfortzuekin arian-arian, ibilian-ibilian lokatzetan ez itotzeko.
Hezkuntza eta bereziki hezkuntza publikoaren lursaila ardatz gisa hartzen dugunok auzolanean jardun nahi dugunez, bada garaia zer landatu, nola ureztatu eta nola ongarritu erabakitzeko adostasun lanetara sartzekoa.
Hezkuntza sistemaren ajeei zoko usaina darie azkenaldi luzean, eta komeni zaigu begirada zuhur eta zintzo batekin aire freskoarekin aireztatzea. Kaiera hezkuntza aldizkariaren leihoa irekiz bertan idatzitako zenbait ideia hona ekartzean, agian, zenbait usain desatsegin uxatuko ditugu. Aipatu aldizkarian, G. Larruzeak eskola inklusiboaren izaeraren inguruko artikulu batean idatzita utzi zuen 2018an gure euskal hezkuntza sistemaren bilakaera baldintzatzen duten zenbait faktore, besteak beste, hauek direla: proiektuen (eta klaustroen) egonkortasuna, eskola-mapa, matrikulazio irizpideak, hezkuntza sistema beraren egituraketa, sareak eta finantzaketa, kuoten ordainketa, hizkuntzen markoa… Horra guztiok laia eskuan hartuta zuztartu beharreko zenbait belar.
Leiho beretik beste haize ufada bat datorkigu, Jon Salinas-ek ekarria; 2020ko urrian, jada pandemiaren errealitatean murgilduta, Europako Batzordeak argitaratutako Equity in school education in Europe. Bertan, luze eta zabal azaltzen dira ikasle ororen arrakasta eta gizarte ekitatearen mesedetan garatu beharreko hezkuntza politiken hainbat gako.
Azken honen bidetik azaldu zaigu erdigunean jarri beharreko zutabeetako bat, hezkuntza politika, alegia. Estatua eta erkidegoko hezkuntza administrazioez gain, badira esparru honetan ardura duten eta modu koordinatuan aritu beharko luketen bestelako eragileak, hala nola foru aldundiak eta udalak.
Ezagutza iturri ezberdinetatik datozen ikerketa guztiek badute eskola publikoak urteetan jorratutako hainbat ekimenekin lerrokatze eta koherentzia nabarmena. Hasi hainbat kide eta aditu ezberdinen talde lanarekin ekoitzitako Euskal Herrirako Curriculumetik, jarrai ikuspegi soziologikoagoa duen Haratago proposamenean jasotakotik eta amaitu gaur egun martxan dagoen Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokiak jorratzen dituen azterketa olistikoetan. Eraldaketa prozesu guztiek beharrezkoa dute memorian bildutako errelatoa balioan jartzea eta bidean jasotakoak eta ikasitakoak ongi kokatzea.
Etorkizunean gerta daitezkeen hitzarmen prozesuek zenbait erronkaren eztabaidari egin beharko diete aurre. Memoriaren ezagutzarekin aipatu den bezalaxe, erronka horietara lotu aurretik komeni da egungo egoeraren azterketa sakon, zintzo eta zuhurra egitea. Ikerketa eta ezagutzatik dator benetako hobekuntza, eta, hainbatetan azaldu moduan, eskola publikoaren plan estrategikoa inoiz baino beharrezkoagoa dugu.
Nondik gatozen, non gauden, zer bide egin behar dugun, nora iritsi nahi dugun… eta halako galderei tarte bat eman beharko genieke lehenik, ibilbidean sortuko diren ezusteek adostutako norabidetik eta helburuetatik desbidera ez gaitzaten.
Urteetan egiturazkoak bihurtu zaizkigun hezkuntza sistemaren ajeak, belar txarrak bailiran, zuztarretik kendu beharra dugu eta bide beretik LOMLOEk ekar ditzakeenei jarraipen estua egin. Bertatik eratorri daitezkeen ondorio eta eraginak aurreikusi eta gure hezkuntza sisteman atzerapausorik eman gabe etorkizuna euskal gizarteak nahi duenaren irudira eraikitzen jarraitzeko baliatuz.
Eta zeintzuk dira, ba, aztertu, adostu, landu eta jorratu beharreko arlo nagusiak?
• Ikasleen/familien inklusibitate eskubidea errazten ez duen eskola maparen berrikuspena ikasle guztien inklusibitatea bermatzeko eta gizarte kohesionatua ahalbidetzeko.
• Ikasle orok kalitatezko hezkuntzarako eskubidea bermatua izatea.
• Zaharkituta geratu zaigun autonomia eredu kontzeptutik haratago ikastetxe publikoen gobernantza eredu berriak jorratzea, desregularizazioaren arriskuan erori gabe.
• Hezkuntza sailak ez ezik foru aldundiek eta udalek ere aurrera eramaten dituzten hezkuntza politikak era koordinatu eta koherentean bideratzea.
• Hizkuntza ereduen gainditzea lekuan lekuko errealitateari erantzunez, eta beharrezkoak diren baliabideak jarriz.
• Hezkuntza politika dagokion memoria ekonomikoarekin batera gauzatzea.
• Ikastetxeetako parte-hartze eredu emankorra indartzea.
• Publikoarekiko atxikimendua indartu beharra, ez soilik hitzez eta bai ekintzaz.
• Zuzendaritza taldeen lidergoa gauzatzeko bide berriak jorratu beharra.
• Hezkuntza Komunitatearen ahalduntzea, ikastetxeko proiektu bakarraren mesedetan.
Arestian aipatutako erronkek (eta beste askok) beharrezkoa izango dute planifikazio, negoziazio eta parte-hartze prozesu sendo bat, ezberdinen arteko sinergia eta elkarulertze dosi handiekin batera. Diseinatuko den ibilbideak adieraziko du zer-nolako helburuetara iritsi nahi den. Ibilbide horren amaieran dagoen arrakasta eskura dugu ikerkuntzaren eta ezagutzaren iturburuen emaritik ureztatzen badugu.
Bizi dugun egoera berezi honetan, nabarmendu eta eskertu beharra dugu gure osasuna zaintzen ari zareten kide guztien lana. Esker ona, halaber, Eskola Publikoaren alde apustua egin duzuen familiei, bai eta ikasgeletan buru-belarri lanean ari zareten maisu-maistra, irakasle, begirale, garbitzaile eta abarrei ere. Aipamen berezia maiz ezkutuan geratzen diren ikasleei eta egoera zail honetan duten jarrera txalogarriari, eta nola ez, bileratik bilerara zabiltzaten zuzendaritza taldeei, talde lana baita ikastetxeon arrakastaren bidea.
Denok osatzen dugu Euskal Eskola Publikoa, eta gurea eta denona den eskola hau INDARTU beharra dugu herritarron eta gure herriaren mesedetan.
Ikusi, gehiago: gaiari buruzko iritzi artikulu sorta.
BIHAR:
Aitziber Garmendia Lizaso eta Marta Diez Naal (Sortzen): 'Hezkuntza sistema propioaren bidean indarrak biltzeko garaia da'.