Iban Zaldua.
ELE

(Euskal) Enkontru bat

2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Enkontru baten lekuko izan nintzen lehengoan. Hiriko busen markesina batean, amonarekin, neskato bat dago, sei bat urtekoa: zuria, boutiqueko soinekoa, ile-apaindegitik igaro berria. Halako batean, geralekuaren pareko ertzean, beste neska bat dakusa, aitarekin dagoena: beltzarana, jatorri latinoamerikarrekoa, tixerta eta galtza pirata merkeez jantzia. Soinekoduna, poz-pozik, korrika doa bestearengana, kurtso amaieratik ikusi ez balu bezala, eta besarkatu du (une batez Benettoneko iragarki batean gaudela dirudi). Jira batzuk egiten ditu lagunaren aurrean, daramatzan sandaliak erakutsi nahian: urrats bakoitza egitean kolorez argitzen dira. Neskato arrazializatuaren begiradek, aitari, lagunari eta sandaliei, isilean dute hitz egiten: «Badakit ezin dugula, baina zenbat gustatuko litzaidakeen horrelako batzuk edukitzea».

Klase-arrakala, estalkirik gabe.

Zutabe hauetan leku gehiago izango banu, eta aurreko igandeetan abusatu izan ez banu fikzioaziritzia ematean, bi nesken zuhaitz genealogikoan gora egingo nuke.

Baina enkontrua benetakoa izan zen, eta honekin geratuko naiz: neska horiek elkarren lagunak direla. Eta hori posible da bus geraleku horren auzoan badagoelako fama oneko eskola publiko bat, zeinetan nahasten baitira, oraindik ere, jatorri diferenteetako umeak.

Horrek ez ditu, bistan denez, klase ezberdintasunak ezabatzen. Eta ez dago jakiterik, denboran aurrera, biek adiskide izaten jarraituko duten, ala ez.

Baina posibilitatea hortxe dago. Etorkizuneko euskal gizarte errealago batena. Gure hezkuntza sistemaren gehiengoak, bere segregazio-maila altuekin, ukatzen duena hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.