Euskal auzi urbanoa

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Distantzia soziala praktikan jartzen ari garen garaiotan, asko dira krisi honek gure hiri eta herriei nola eragingo dien pentsatzen hasiak direnak. Hirigintza, espazioa ez ezik, jendartea bera egituratzen duen tresna da, eta badu gizarte arrakalak —geografikoak, sozialak— handitzeko ala murrizteko ahalmena. Mugatua baina ahalmena azken finean.

Euskal Herrian maiz errepikatzen da jarduna eta jendea hiriguneetan ari direla metatzen, eta landaguneak husten eta ahultzen ari direla. Egia izanda ere, nago hirigune eta landagune kontzeptuek ez dutela laguntzen. Andy Merrifieldek zera dio La Nueva Cuestión Urbana saiakeran (Katakrak liburuak, 2019): «Hirigunearen eta aldirien, hiriaren eta landaguneen arteko bereizketa zaharrak erredundanteak eta kaotikoak dira, eta eguneratu eta birpentsatu egin behar dira. Besteak beste, gaur egungo ehun urbanoaren barruan zentroak eta aldiriak nonahi daudelako: hiriak eta aldiriak daude hirien eta aldiren barruan, geografikoki periferikoak diren zentroak daude, eta bat-batean zentro bilakatzen diren aldiriak».

Uste dut geometria aldakorreko lurralde funtzional horiek direla, gero eta gehiago, XXI. mende hasierako euskal lurraldea marrazten dutenak. Urbanoa da hitza. Françoise Choay historialariak aspalditik dio hiria eta landagunea kontzeptuak hilda daudela, eta urbanoa den hori guztia pentsatu behar dugula. Bitartean, Jordi Borja geografoak dio arrakala sozio-tertorialak eskalaz handitu egin direla, «bikaintasuneko enklabe globalizatuen eta profil baxuko pusketa urbanoen arteko konbinazio maltzurra» sortuz. Lurraldea horrela ulertzeak mesede egingo digulakoan, proposamen bat: ez da landagunea, profil baxuko pusketa urbanoak dira.

Euskal auzi urbanoaz hitz egiteak ez du zerikusirik porlanarekin, asfaltoarekin. Ez gara continuum eraiki bati buruz ari. Marina Garcésen hitzak erabiliz, auzotasuna kontzeptuaren eguneratze geografiko baten moduan ulertzen dut auzi urbanoa. Alegia, onartzea gure bizitzak hainbat eskala, erritmo eta dimentsiotan gertatzen direla, eta distantzia ez dela kontraesankorra hurbiltasunarekin.

Hirigintza modernoak, CIAM kongresuetatik hona, funtzio bakarreko eremu hermetikoen batura moduan ulertu izan du auzi urbanoak dakarren eskala aldaketa hau. XIX. mende amaierako mugimendu higienistaren korolario muturreko bat. Distantzia sozialean oinarritutako hirigintza bat, funtzioaren araberakoa lehenik —bizi hemen, lan (produktiboa) hor, aisia han— baina ez soilik: baita adinaren araberakoa, errentaren araberakoa, jatorriaren araberakoa ere. Hirigune historikoen eskala gainditzeak haien berezko konplexutasuna derrigor alboratzea balekar bezala.

Ba omen dator bigarren mugimendu higienista bat, COVID-19aren krisiaren harira, distantzia sozialaren izenean bizitza suburbanoa (antiurbanoa?) sustatzera datorrena, gertutasunaren eta konplexutasunaren kaltetan. Espazio publikoaren kaltetan. Zygmunt Baumanek zioen espazio publikoak berezkoa duela arrotzen kontzentrazio bat; aniztasun horrek beti izango duela puntu inprebisible bat eta, ondorioz, baita arrisku puntu bat ere, hondar-arriskua besterik ez bada ere. Nola uztartu konplexutasun eta gertutasun hori, distantziarekin kontraesankorra ez den auzotasun hori, gure bizitzek berezko dituzten eskala, erritmo eta dimentsio horiekin guztiekin? Galdera honen baitan kokatzen dut, zirriborro bat idazten ari denaren ziurgabetasun guztiarekin, euskal auzi urbanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.