Gobernu zentrala prest dago hidrokarburoak aztertzeko baimenak emateko gure lurraldea zulatu nahi duen edozein enpresari. Euskadin izan berri da horietako mugimendu bat: Bizkaiko kostaldean hidrokarburoak bilatzeari dagokionez, Ingurumenaren Gaineko Eraginari Buruzko Aldeko Adierazpena egin dio Repsoli Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak. Lehendik, petrolioaren sukarrean zerikusia duen beste ministerioak, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, oniritzia emana zien Shell eta Capricorn Spain Limited enpresei Bizkaiko golkoan Euskadiren aurrez aurre hidrokarburoak bilatzeko eskubideak lor ditzaten.
Horrek, eta Costa del Solen, Kanarietan, Balearretan, Valentziako golkoan eta Katalunian emanak dituzten baimenek edo ematekoak dituzten horiek argi eta garbi adierazten dute zer-nolako energia politika hartu duen Estatuak: hidrokarburoen alde egitea nabarmen —zeinak sekula ezin baititugu baliatuko— eta energia berriztagarriak deuseztatzea —zeinak ezinago ugari baititugu—.
Egunotan, Greenpeace kanpaina bat egiten ari da Arctic Sunrise itsasontzian, lehendik baimenduak dauden prospekzio batzuk salatzeko (guztiak, bitxiki, Repsoli). Batzuk, turismoaren urrezko milia den horretako uretan —Costa del Solen—; eta beste batzuk, bioaniztasunaren paradisu eta ozeanoen birika den horretan —Kanarietako uretan—.
Argia da Greenpeaceren mezua: hidrokarburo erreketan oinarritutako eredu batekin segitzeak ingurumen hondamendirantz ez ezik Estatuaren porrot ekonomikora ere bagaramatza. Berriztagarrien bidezko suspertze ekonomikoa izeneko txostenean, hauxe du aztergai Greenpeacek: berriztagarriak asko ugaltzeak zer ondorio lekarkeen ekonomian, enpleguan eta etxeko energia fakturari dagokion gastuan 2015etik 2030era bitarte. Emaitzek agerian utzi dute, berriro ere, ingurumenaren iraunkortasunari buruzko ereduak iraunkorrak direla bai ekonomian eta bai gizartean, luze gabe zein luzera begira. Horregatik, berriztagarrietan oinarritutako energia sistema batek emaitza ezinago onuragarriak ekarriko lituzke hazkunde ekonomikoan, enpleguan eta etxeko energiaren fakturari dagokion aurrezkian, eta izugarri murriztuko lirateke isuri kutsagarriak. Argiak dira zenbakiak:
-3 milioi lanpostu berri baino gehiago, %95ean energia garbietan oinarritutako elektrizitate sistema bat eduki ahal izateko azpiegiturak egiteko.
-2012rekin alderatuta, urtean 454 euro gutxiago etxeko energia gastuari dagokion fakturan (argindarra, berogailua).
-2012arekin alderatuta, 2030ean ia %75 gutxiago CO2 isurietan, eta, beste hainbat sektoretan —garraioan eta eraikuntzan—, isuriak ezabatzea.
Zeren zain dago Gobernua bere politika aldatzeko? Ziurrenik, ezin aitortuzko interesen zain, oraintxe ez baitago aitzakiarik aurrerantzean ere erregai fosilen alde egiteko, hala nola petrolioaren eta gasaren alde. Ez dugu behar prospekzio gehiagorik; energia berriztagarri gehiago behar —eta nahi— dugu.
(Erredakzioan itzulia)
Euskadi ere, urre beltzaren sukarrak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu