Nolakoa izango da COVID-19aren ondoko erakundetutako Europaren osasuna? Europako integrazioak, bigarren mundu gerraostean eraiki zenak, bakea zuen helburu. Marshall Plana-k (1948) metaka emandako dolarrei esker ekonomia berreraiki zen. 72 urte pasatuta, 2020-04-23an Europako Kontseiluak, bere Roadmap for Recovery, «sendabiderako» gidan, Marshall plana aipatu du, baina ez du argitu orain Europa berrosatzeko behar diren euroak non sortuko diren. EBko ekintza planaren eta funts berriaren munta eta nolakotasuna ezbaian daude: maileguak vs laguntzak; zerga europarrak vs estatuen BEZaren %1; zorra amankomuna vs estatuen zor subiranoa; betiereko bonu europarrak.
Estatukideen posturak kontrajarriak dira —Iparralde frugala vs Hegoalde zorpetua— baina Merkelek eta Macronek Hamilton une federala proposatu dute: berrosaketa funtsa finantzatzea EBk jaulkitako bonoen bitartez, berezko funtsekin bermatua. Horretarako, aurrekontua handitu beharko da, BPGren %1,2tik %2ra igoz, eta EBk zerga pan-europarrak ezarri beharko ditu, karbono dioxido isurien, finantza salerosketen edo transakzio digitalen gaineko zerga federal bereziak, kohesiorako ere erabili daitezkeenak, eta, batez ere, Brexit-ak utziko duen 10 mila milioi euroko zuloa tapatzeko. Hori guztia argitu bitartean, europarrok esfortzu handiak egiten jarraitu beharko dugu, gure eredu sozialei eutsiz.
Europa osoan sendabide, berrosaketa, ahalik eta simetrikoena, orekatuena, lortu behar da. Horretarako hiru printzipio zaindu behar dira: elkartasuna, kohesioa eta konbergentzia. Barneratzaile eta hiritarrok ahaldunduta behar du izan, eta horretarako eragileekin kontsultatua, etengabeko elkarrizketa zabalean, subsidiaritatea zainduz, maila anitzeko gobernantza partehartuan, Estatukide propiorik ez dugun herriok ere inplikatuz, eta koordinakuntza eraginkorra eskainiz. Halaber, sendabidean, EBk ez luke bere nortasuna galdu behar, berezko dituen baloreei, giza eskubideei eta demokraziari, tinko eutsiz. Merkatu bateratuak guztiontzat onuragarri izan behar du, lehiaketa desleialaren eta abusuzko praktiken aurka jarriz, dumping fiskala barne. Nazioartean sistema aldeanitzekoa bultzatu behar du EBk, arauetan oinarritua, ez indarrean. Mundu mailako truke-fluxu bidezkoak bermatu eta hornidura bide seguruak berreskuratzea ere funtsezkoa da.
EBk ezin du jardun business as usual esanaz, «ezer ez dela aldatu (behar)». Krisi honetan jabetu gara europar ekonomiak kanpoko ekonomiekiko dependentzia altuegia duela, bai energia eta lehengaien esparruan, baina baita oinarrizko produktuetan ere. Hornidura, azpiegitura eta balio kate estrategiko sendoak Europan birkokatu beharko dira, ez atzerrian. Funtsezko zerbitzu eta gaietan, sendagaietan, jakietan, tresnerian lehiakor bai, baina burujabe ere bai! Ekonomia zirkularrak suposatzen du ahalik eta gertuen ekoiztea, ahalik eta hondakin gutxienekin, lehengai eta energia gutxien erabiliz.
Lehentasun gisa, bideragarri diren enpresen porrota eragotzi behar da, lanpostuei eutsiz, arlo publiko zein pribatuko inbertsioak erakarriz. Langabeziari irtenbide solidarioak eta efikazak bilatu behar zaizkio, eta pertsona guztiei duintasunezko errenta bermatu. Gazteei bidea eman, trebakuntza eta laguntzak areagotuz.Laguntza publikoak eta aurreko krisialdian muturtutako konbergentziazko —zorra eta defizit publikoa— irizpideak ere malgutu beharko dira, malgutu baina estatukide guztietan simetria eta koesioa gordeta. EBk laguntzak gainbegiratzeaz gain, esleitu ere egin beharko lituzke, oreka bermatzeko, eta Green New Deal-erantz abiatzeko, hori baita gakoa. Ez luke, adibidez, zentzurik izango, erregai fosilak ibiltzen dituzten arloei laguntzak ematen jarraitzea, gure gobernuek erabaki berri dutena. Klima aldaketaren, hondamendi nuklearraren edo aztarna ekologikoaren mehatxuak edozein birusenak baino larriagoak dira.
Europazaletasunaren osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu