Europaren azpian

2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Eustatek eman berri digu datua. I+G gastua, herrialde eta erregioek ikerkuntzan eta berrikuntzan egiten duten ahaleginean dagoen aldagairik adierazgarriena hain zuzen, %4,1 murriztu da 2013an. Beraz, 2012ko BPGren gaineko %2,06aren aurrean, %1,99an kokatu da iaz.

EKAI Centerrek etengabe ohartarazi duenez, krisiaren aurkako gure politiken zentzugabekeriaren ondorio argia da, espero zitekeen ondorioa. Zeharo adierazgarriak dira datuak. %2aren muga gainditu dugu, beheranzko bidean. Eta, 2008tik lehen aldiz, Europar Batasunaren batez bestekoaren azpitik (%2,02) kokatu gara. Ez dugu ahaztu behar Europa osoa lotsatzen dela batez besteko horretaz, eta Europak munduan duen etorkizun zaila adierazten du nolabait.

Are gogorragoa egiten da hondamendia, kontuan hartzen badugu 2015 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak ezarri zituen helburuak bete gabe uzten ari garela, modu nabarmenean.

Tamalez, herri honen politika ekonomikoan zabaldu den konpromiso falta komunikabideetara ere hedatu da eta, beraz, zaila izango da gertatzen ari denaz ezer esatea. Eustat-en prentsa oharrean bertan, hauek dira aipatzen diren bi jarraibide bakarrak Euskadiko EAn gertatzen ari denaren inguruan:

«... %1,24, Espainiarentzat INEk argitaratutako behin-behineko datuaren gainetik ...»

«... eta Europako batez bestearekin bat, Eurostatek 28-EBrentzat eginiko lehen zenbatespenean, %2,02koa izan dena».

Euskal politika ekonomikoan dagoen autokritika faltaz ohartarazi du behin eta berriz EKAI Centerrek. Geu baino txarrago dagoenarekin alderatzeko etengabeko joera horretaz.

Egiaz, egoera tamalgarrian dago Espainia I+Gn, eta lehiakortasunaren aldetiko bere kokapenerako etorkizun latza adierazten du horrek.

Baina Euskadiko EA ere txarto, oso txarto dago. Eta, horren ondorioz, gero eta etorkizun ilunagoa dugu guk ere.

Europar Batasunaren batez bestekoa ez da Euskal Herriarentzat baliagarria izan daitekeen jarraibidea. Baina izan bada Espainiarentzat, honen biztanleko BPG, gutxi gorabehera, EBren batez bestekoan kokatzen baita. Baina biztanleko gure BPG EBren batez bestekoaren %130ean kokatzen da. Geure buruarekin zorrotzagoak izan behar dugu. Eta zientzia eta teknologian inbertitzeko behar gutxiago dutenekin etengabeko erkaketa errazak baztertu.

Euskadiko EAn I+Gren gastuak krisian izan duen bilakaerak dugun politika ekonomiko axolagabearen ondorio dira. Eta nora ezean dabilen herri batena ere.

2013ko datuak, alde horretatik, ikaratzeko modukoak dira. Ez da bakarrik 2015 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plangintza bete ez dugula. Ez da bakarrik ez dugula handiagotu —nahiz eta gutxi izan— ikerkuntza eta berrikuntzako ahalegina. Murriztu egin dugu. Eta, hori gutxi balitz bezala, 2008an eskuratu genuen Europako batez besteko horren azpian gaude berriro. Benetako hondamendia. Eta herrialde industrial gisako gure etorkizunerako benetako argi gorria.

Azken lau urteetako bilakaera kontuan hartzen badugu, eta guretzat jarraibide izan behar diren herrialdeekin erkatuz, hauek dira azken aste hauetan ezagutarazi diren datuak: 2010-13an, %18,5 handiagotu daI+G gastua Alemanian, eta %79,9 Txinan. Bitartean, Euskadiko EAn, %-4,09 murriztu da. Gure gaitasun teknologikoan aurrera begirako benetako jauzi bat behar genuenean, geldotasunean lokartuta gaude. Gure etorkizun ekonomikoaren aldetik, benetako suizidioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.