Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Europako ustelkeria

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Errumanian izan nintzen 2006ko abenduan, Europako Batasunean sartzekotan zela. Eta aukera izan nuen hango Justizia ministro Monica Luisa Macoveirekin hitz egiteko ordu erdiz haren bulegoan; txundituta utzi ninduen.

Bi urte lehenagoko hauteskundeetan, ezusteko bat izana zen: hautesleek erabaki zuten Alderdi Demokratari ematea garaipena. Errumaniarrek uste zuten Europako Batasunean sartzeak bizia aldatuko ziela, eta talderik liberal eta europeistenaren aldeko apustua egin zuten bozkalekuetan. Gobernu liberal berri horretan, Macovei izendatu zuten Justizia ministro, erabat ustekabean.

Ministro berriak ustelkeriaren kontrako kanpaina bat abiatu zuen berehala, eta inoiz ez bezalako garbiketa egin zuen, baita hainbat lagun atxilotzeko agindu ere: kide zituen bi ministro, zenbait diputatu, bederatzi epaile eta Poliziako ehun bat kargudun. Gainera, Eskandinaviako herrialdeetan ohikoak diren legeen gisako batzuk onarrarazi zituen.

Elkarrizketa bukatutakoan, mikrofonoa itzalita eta giro lasaiagoan, ministroak han bilduta geunden kazetarioi aitortu zigun bazekiela ez zuela luze iraungo. Gogoan dut zera esan zuela, Errumanian mundu guztiak pentsatzen zuela ustelkeria desagerraraztea zela Europan sartzeko prezioa, baina laster deskubrituko zutela Europako instituzioak ere pertsona ustelez beteta daudela, eta estatuak, are gehiago.

Handik hiru hilabetera, Errumaniako Senatuak, Macoveiren alderdikide askoren botoekin eta gainerako alderdi ia guztien babesarekin, hura kargutik kentzearen alde egin zuen, eta, tirabira legal eta politiko askoren ondoren, azkenean kargutik kendu zuten apirilaren 2an, gobernua moldatu beharra zegoela aitzakiatzat hartuta. Errumaniako politikariek ordurako argi zeukaten ustelkeria eta Europa ez direla kontzeptu bateraezinak.

Egun hauetan, Qatargate auziaren ikuskizunari begira, Macovei gogoratu besterik ezin izan dut egin, eta oroitu naiz arrazoi guztia zuela. Zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.