Eudel sendotu, Euskadi indartu

BERRIA.
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Akordioa da esparru politikoan oso sarri gertaten ez den zerbait, arazoak konpontzea eta denon ongia bilatzen duen giza jarduera ororen ondorio logikoena izan beharko lukeen arren. Beti izango da hobea adostea alde bakarreko jarreraren alde egitea baino, demokrazian gehiengoen jokoak hala jarduteko bidea ematen badu ere. Akordioak ezberdinen arteko sintonia eskatzen du. Diagnosi partekatuak eta mutur banatan egon daitezkeen horien arteko erdibideko konponbideak erabaki behar dira, batzuen eta besteen irizpideak inor bete-betean aseko ez duten arren, biek izan dezaketelako azken erabakian beren burua islatuta ikusteko aukera.

Euskadin, Estatuan ez bezala, aliantza, akordio eta hitzarmenen kultura presente izan dugu urteetan. Beharbada, esparru politiko hain zatikatua izateak akordioetara derrigortu gaituelako. Dena dela, bereziki joko esparru abertzalean gertatu diren testuinguru eta estrategiek—zeinetan ilegalizazioak eta erakundeetan aurkakotasun egoerak gertatu diren— EAJ-PNV eta Ezker Abertzalea gure herriaren ordezkari nagusi diren bien arteko topagunea zaildu zuten. Joera hori, elkar aldaratzen duten mutur gisa jokatzearena, zorionez eten egin da, iragan astean Eudel-Euskal Udalen Elkartearen inguruan parte hartze garai berria irekitzearen inguruan lortu eta ezagutzera eman zen topagunea dela medio. Akordio honek Eudel normalizatzen eta sendotzen du Euskal Autonomi Erkidegoko udalak ondoen ordezkatzen dituen elkarte gisa, desadostasunez jositako iraganarekin apurtuz eta akordiorik eza gaindituz, zorionez.

Udalak, toki gobernuak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira. Haiek dira euskal herritarrek beren oinarrizko beharrak adierazteko duten lehen tokia, beren beharrizanak asetzeko lehen jomuga. Horregatik, hain zuzen, udalen eskariei —eta, bereziki, udal txikienen eta azpiegitura eta baliabide urriak dituztenen beharrei— erantzuteko eta babesa emateko erakunde finko, eguneratu eta modernizatua izatea ezinbestean bete beharreko helburua da. Eta helburu hori erdiestera iritsi gara EAJ-PNV eta EH Bildu talde bion artean adostutako akordioaren bidez, alderdi biak derrigortzen baikaitu Eudel erakundearen parte hartzea eta funtzionamendua «normalizatzera».

Euskal udalek EAJren eta EH Bilduren arteko akordio hau merezi dute. Talde bion artean gobernatzen ditugu EAEko udal guztien %80tik gora, eta esparru politikoan eta hauteskundeei begira logikoa eta erabat zilegizkoa den lehiatik harago, bion artean partekatzen ditugun kudeaketa arloak despolitizatzeko gai izan behar dugu, udalei behar duten oreka, eraginkortasuna eta aholkularitza bermatu ahal izateko. Are gehiago, oraingoaren moduko sasoi batean, zeinetan toki gobernuen erronka eta desafioak biderkatu diren: eskuduntza berriak, gizarte zerbitzuen kartera, finantzaketa eta abar. Eta, are arrazoi handiagoarekin, hogeita hamar urteren buruan Euskadin izapidetu ahalko den Udal Legea onartzeko atarian gaudela.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV eta EH Bilduren artean jadetsi dugun akordioak balio hirukoitza dauka guretzat. Lehenengo eta behin, bat-etortzearen beraren garrantziagatik eta adostasun horrek dakarren kultura politikoagatik. Bigarrenez, udalei begira duen esanahiagatik. Eta, azkenik, hainbat urteren buruan EH Bildu eta EAJ-PNVkook elkarri eskua luzatzeko gai izan garen lehen esparru politikoa izan delako. Orain, espero duguna da lehen akordio hau eredugarria izan dadila, eta epe laburrean konplizitate berriak bilbatzeko gai izango garela. Hala egiten badugu, ona izango da herriarentzat. Eta horixe da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.