Etxeko lanak urriaren 1etik bueltan

BERRIA.
Josu Juaristi.
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Urriak 1, Ametlla de Mar, ehunka lagunez inguratuta herriko hautesleku bakarrean: «Kontatu egin digutena, kontatu egia Europari». Han ikusitako negar malkoak (inpotentziagatik, amorruagatik, beldurragatik) eta indarra (etorkizuna eraikitzen ari zirelako) ekarri nituen buruan eta bihotzean etxerako bueltan, etxeko lan horrekin batera. Neure malkoekin batera. Emozioagatik, konplizitatearengatik, konexioagatik.

Eta ez da lan erraza. Etxerako buelta Estrasburgotik barrena egin behar izan genuen Katalunian nazioarteko begirale gisa aritu ginen europar diputatuok. Gaia osoko bilkurara eraman genuen, eta emandako ordubeteko eztabaida laburraz gain, Europar Kontseiluari begirako goiz osoko eztabaida Kataluniari buruz hitz egiteko erabili genuen askok eta askok. Era antolatuan batzuk, inprobisatuta beste askok, gaia «estatu espainolaren barne arazoa» izatea ukatuz ia guztiok, ezkerretik eskuinera, Helsinkitik Lisboara. Europari ere baitagokio, bete-betean, Parlamentuko osoko bilkuran garbi asko ikusi zen bezala. Ulergaitza delako Katalunia Europar Batasuneko erakunde guztien agenda ofizialean eta publikoan ez egotea.

Orduan, ez dago? Bai, badago, zalantzarik gabe. EBk bitartekaritza egin dezake? Ez, momentuz bederen, guk nahiko genukeen bezala, katalanek nahiko luketen bezala. Orain arte, Estatu espainolaren zerbitzura egin du lan hori EBk, Rajoyren gobernuak gutxitan bezala sakatu diolako lobby lanari. Osoko bilkuran inoiz ez bezala egin zuten lan Alderdi Popularreko europar diputatuek: gure hitz bakoitzari oihu, galderak egin, hemengo honi eta hango hari bronka bota, egindako mesedeak kobratu... Hori guztia ikusi genuen. Baina EBk askoz gauza gehiago ikusi ditu. Ikuskatzaile talde ezberdinak ginen han, estatu kide guztietatik etorriak, alderdi politiko eta joera ideologiko ia guztietakoak: eurodiputatuak, diputatuak, hauteskundeetan eta giza eskubideetan adituak... Nazioarteko Parlamentarien Ordezkaritzako 33 lagunen lana oso begi-bistakoa izan zen, txalo artean egin genuen batzuetan (tira, beti) eta gomazko pilotez inguratuta bestetan, baina beste batzuk fokoetatik urruti mugitu ziren, urriaren 1ean, zein aurretik eta ondoren. Batzuk sistema eta prozesu elektoralari erreparatuz, beste batzuk oinarrizko eskubideen bortxaketei. Eta, kasualitatea, guztien txostenek ondorio berberak islatu dituzte, Estatu espainolaren kalterako, errepresioa salatuz eta Kataluniak erakutsitako maila demokratikoa nabarmenduz. Eta hori da Madrilek gaur duen arazorik handienetakoa. Irudiak ezin dira begietatik ezabatu, ondorioak ezin dira kaxoi ilun batean gorde betiko.

Nork eskaintzen dio egonkortasuna Europari (politikoa, ekonomikoa...)? Kataluniak. Zein gelditu da nabarmen? Estatu espainola. Eta hori ez da euskaldun baten edo ezkerreko norbaiten desio soila, hori askok zuri-beltzean jarri duten konstatazioa da. Nahikoa izango da Kataluniako herriaren nahi kolektiboari bidea emateko? Oraindik ez. Baina begi-bistakoa da nazioartean Estatu espainolak arazo handi bat duela; «barne arazoa» dela dioen mantra pitzatu da.

Independentzia, hala ere, ez da bihar etorriko, ez da une magiko batean bilakatuko bihar edo etzi. Eta hori katalanek badakite, momentu batean edo bestean sor daitezkeen tirabiren gainetik; horregatik ari dira sektore berriak erakartzen independentziara, edo bederen erabakitzeko eskubidera, horregatik ari dira arrazoiez eta babes keinuz betetzen morrala nazioartean. Biharko, beranduenez. Hori baita bidea, Madrilek jarriko dituen oztopo guztien gainetik, dudarik gabe egingo dituen astakeria guztien gainetik. Eta hori da, utziko didazue hau gaineratzen, gure etxeko lanetako bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.