Estatugintzan barrena

2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ramon de la Sota jelkidea Bizkaiko Diputazioaren presidente bihurtu zen 1917an, hauteskundeak irabazi eta gero. Beste euskal probintzietakoekin bildu eta azkenik Gasteizen manifestua edo mezua adostu zuten Espainiako gobernuari bidaltzeko. Euskal herritarrentzat burujabetza politikoa eskatu zuten, indarrean zegoen kontzertu ekonomiko administratibotik abiatuz. Eta eskariaren arrazoibidea bi eskubidetan oinarritu zuten: 1.- Foruen bidezko aginte eta erakundeen berreskurapenean, 1877an Espainiako gobernuak ezabatu zituelako, edo bestela gutxienez autonomiarako Estatutu berezia. 2.- Euskal nazioak nazio aginteak behar zituen bizirik irauteko. Europan barrena eskubide hori aldarrikatzen zen, nazio txikien alde.

1918an, R. Belaustegigoitiak balizko Eusko gobernuaren oinarriak argitaratu zituen eta Hermes aldizkariak nazioen erabakitzeko eskubideak zabaldu. Horiek horrela, 1919an batzorde batek autonomiarako Estatutua adostu zuen, foruen bidezko eskubideen ildoan. Espainiako parlamentuan eztabaidatu zen. Estatutuaren 3.3 artikuluak adierazten zuen argi eta garbi zeintzuk ziren Espainiar Estatuaren aginteak eta zeintzuk Estatutuaren bidezko euskal erakundeenak: aginteak, arlo gehienetan, ez ziren partekatzen, era esklusiboan, batean edo bestean, definitzen baizik. Baina Espainiako gobernuak Parlamentuan eten egin zuen egitasmoaren tramitazioa. 1931n, «Euskal Estaturako» Estatutu berri bat adostu zen eta azkenik 1936an, beste Estatutu batean oinarriturik Eusko Jaurlaritza sortu zen. Erakunde berritzailea, nazio politiko bati zegokiona.

Gaur egun indarrean dugu: Autonomia Estatutua, euskal populazioaren nazio izaera politikoaren adierazle. Bestetik, Nafarroan, foruen bidezko aginteen eguneratzea, eskubide historikoen harian. Baina bietan, aginteetan sakontzeko, zuzenbide historikoen bidezko artifizio juridikoaren estalpean egin ohi da, finantza publikoen arloan bereziki. 20.000 miloi euro kudeatzen da urtero. Ez da gutxi. Baina aginte gehienak partekatuak dira, Espainiar eta Europar aginteekin, eta Espainiar aginte partekatuetan arauak Espainiako parlamentuak jartzen ditu.

Soberania edo burujabetzaren kontzeptua XVI. mendeaz geroztik aldakorra gertatu da. Europa Batuan, estatu-nazioei onartzen zaie soberania politikoa, subsidiaritate printzipioa izan arren. Horrela azken hitza Espainiako parlamentuak du. Ituna eta ituntzea dagokigu aginteetan irabazteko Euskal estatugintzan sakontzeko.

Agintaritzak lortzeko eta kudeaketa gaitasuna frogatzeko, foruen bidezko artifizioa erabilgarria eta baliagarria izan daiteke. Halabeharrez egitura multinazionaletan trebatu behar dugu. Iraganean, Monarkia konposatuak ziren, gaur Europako estatuak. Gure lan lekuak jadanik multinazionalak dira eta bizitza bera ere bai, baina horregatik behar dugu Euskal Estatuan sakontzea, geure ekarpenen ikusgarritasuna lortzeko eta euskal borondatearen adierazgarri izateko. Euskal Estatuak aginteak behar ditu, euskal herritarrak garatzeko esparru materialean zein sinbolikoan jokalari eta lankide leialak izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.