Esperientzia berria eta beharrezkoa

BERRIA.
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kolonbiako gizartea pozik egoteko eta ospatzeko moduan dago, herrialde hartako indarkerietako bat —beste asko geratzen dira oraindik— ongi amaitu baita lau urteko negoziazioen buruan: Estatuaren eta FARCen gerrillaren artean izandako borrokaldi luzea, hain zuzen. Emaitza arrakastatsua izan da, batetik, konbentzimendu osoa zutelako —alde bietakoek— hitzarmen bat lortu beharra zeukatela, eta herrialde osoarentzat behar zuela izan onuragarria, eta ez alde bietako batentzat bakarrik. Urtebeteren ondoren, eta maiatzean proba moduko hainbat elkarrizketa izan ondoren, Habanan ekin zioten, agenda zeharo errealista bat eskuetan, FARCekoek hamarkada bat lehenago —estrukturak aldatzeko asmoz— egin eskabideen zerrenda amaigabeaz bestelakoa.

Bete-betean asmatu dute negoziazioen metodologiarekin: bilera sortak hamabostean behin, hamabost eguneko atsedenaldi eta gogoetaldiarekin; lau puntu funtsezko, eta prozedurazko beste bat azken faserako; parte hartzeko hainbat mekanismo; genero dimentsio ezinago mamitsua —halako lehenengoa mundu osoan—; hiru azpibatzorde sortzea, lanean aurrera egin ahal izateko; bi herrialde berme-emaile —behatzaile, baina gauzak errazteko eragile (bitartekari) gisa jarduteko krisialdietan—; liskarraren eskala apaltzeko erabakia, de facto-ko su-eten alde bikoa erdiesteraino, ofizial egin ere baino askoz lehenago, duela aste gutxi batzuk; egintza sinboliko ugari —barkamenarekin eta biktimekiko errespetuarekin eta haiek entzun beharrarekin zerikusia dutenak, bereziki—; justizia trantsizionala eta konpontzailea aplikatzea; eta abar.

Hitzarmen horrek, bada, izugarri lagunduko du hurrengo hamarkadan Kolonbiak abantaila hauek eduki ditzan: herrialdeko laborari ugarik egoera duina izatea; sistema politiko gardenago, parte hartzaileago eta demokratikoagoa izatea, kalitate handiagokoa; nabarmen gutxitzea legez kanpoko produktuen laborantzak eragindako arazoak; eta sendo borrokatzea herrialdeko egitura kriminalen kontra. Horrek guztiak, zer egin den eta nola egin den, arrastoa utziko du munduko bake prozesuen panoramaren historian, eta erreferentzia garrantzitsua izango da etorkizuneko negoziazioetarako. Argi eta garbi, negoziatu beharra dago oraindik ere ELNrekin —txikiago eta konplexuagoa den beste gerrillarekin—, zeinak gehiago pentsatzen baitu dinamika sozialetan, eta herri mugimenduei eman nahi baitie hitza, halako mugimenduen beso armatu gisa arituta; eta hori, argi eta garbi, ez da guztien ez gogokoa ez gustukoa.

Nolanahi ere, garrantzitsuena da gaurko plebiszitua irabaztea FARCekoekin Azken Hitzarmen bat berrestearen alde dauden horiek, eta behingoz hastea armak utzita berriro bizimodu zibil eta politikoari ekitekoa zuten prozedura, horri dagokionez xede ugari baitituzte FARCekoek. Ikusiko dugu, ordea, zer laguntza lortzen duten politika arloan. Bahiketaren praktika luzarokoak aparteko ordaina eskatuko diete, nahiz eta orain barkamena eskatzen duten halako egitatearen inguruan. Horrek ez du esan nahi berebiziko meritua ez duenik FARCeko buruzagien apustu argi eta sendoak: armak utzi, eta bizimodua normalizatzen laguntzekoa gure herrialdean —gure lurretan hain maitatua den horretan—. Esan liteke, hemen, eta duela urte asko, hala euskaldunen nola katalanen lankidetza, bai eta hainbat alorretako GKEk, unibertsitate mundua eta hainbat erakunde ere, betidanik konprometitu izan direla elkarrizketa bidezko amaiera negoziatu bat lortzeko ahaleginean. Bake hau, bada, partziala izanagatik, apur bat geurea ere bada.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.