Esperantzara kondenatuak

BERRIA.
Patri Arburua Etxeberria.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Iazko urrian EH Bilduk euskararen lege berria jorratzeko lantaldea osatzeko eskaera egin zuen. Hiru ardatz jarri zizkion koalizio abertzaleak lege berriaren zirriborroari: bat, egungo errealitate soziolinguistikotik abiatzea; bi, zonifikazioa gainditzea; eta hiru, euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea. Martxoan eratu zen euskararen foru lege berria ontzeko Nafarroako Parlamentuko batzordea. Batzordeak deituta arloko hainbat adituk eta eragilek lege berriaren inguruko iritziak eman eta proposamenak egin ondoren, azken fasea parlamentarien esku gelditu da; alegia, lege proposamena bera lantzea, eztabaidatzea eta bozkatzea.

Lege berria lantzeko batzorde bat eratu izana pozteko nahikoa arrazoi izan zitekeen edozein euskaltzalerentzat, baina, zakur zaharrak izaki, ez nuke erranen inori emozioak gainezka egin zionik.

Hasteko, batzordea bera eratzearen aurkako boza eman zuten UPN, PP eta PSN alderdiek. Hortaz, eta aitzinetik alderdi horiek egin duten ibilbideak erakutsi digunarekin, pentsatzekoa da ez dutela onartuko euskararentzako lege berririk. Ez bederen zonifikazioa gainditzea, euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea eta herritar guztiei hizkuntza eskubideak aitortzea ekarriko duen legerik.

Laukoaren barrenean ere ezagunak dira euskararen eta hizkuntza politikaren inguruko desadostasunak. Gauza jakina da lau alderdiek akordio programatikoa lantzen ari zirenean, hainbat eztabaidaren ondotik, euskararen legea desadostasunen multzora pasatu zutela; Izquierda-Ezkerrak negoziazioetan jarritako marra gorri bakarrenetakoa omen. Oraingoan ere argi utzi du alderdi ezkertiarrak eroso dagoela gaur egungo hizkuntza politikarekin eta legediarekin. Alegia, zonifikazioa oinarri duen eta herritarrak bizitokiaren arabera sailkatzen dituen lege zitalarekin; bertze edozein arlotan pentsaezina litzatekeen bereizkeriarekin.

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeko sektore bat sutsu samar ikusi dugu lege berriaren alde, baina ezin jakin jarrera hori taldekide guztiena ote den. Geroa Bai taldeak, berriz, lege berria onartzeko nahi lukeen gehiengo zabalik ez dagoela aurreikusten du, ez baita aldeko 26 botok ematen duten gehiengoaz ari, 33 botoz (PSNkoak barne, alegia) baizik.

Beraz, ikusitakoak ikusita eta aditutakoak adituta, euskararentzako lege berria desio luketen sektoreei ez die ekimen honek itxaropen handirik izateko arrazoirik eman. Gaur-gaurkoz zaila da irudikatzea epe laburrean —gutxienez legealdiari gelditzen zaizkion hilabeteetan— Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak lege berria (arestian aipatutako terminoetan) onartuko duenik. Baina argi dago, inoiz ezaugarri horiek dituen legerik onartzekotan, aitzinetik parlamentu barrenean nahiz kanpoan egindako lanak eragina izanen duela, balio izanen duela.

Beraz, uler dezagun oraingo saiakera epe luzerako inbertsio modura; pentsa dezagun oraingo saiakeraren ondotik legearen zirriborroa tiradera batean geldituko balitz ere, ahalegina gerora baliagarri izanen dela. Orain ez bada gero lortuko dugulakoan, saiakera egitea dagokigu, hasitako bide hau agortzea, bai parlamentu barruko aldeko indarrei, bai kanpoko eragileei zein gizarte osoari ere. Esperantzara kondenatuak gaude. Izan ere, nork pentsatuko zuen duela lau urte parlamentutik euskalgintzako hainbat eragileri lege berrirako proposamena egiteko eskaera eginen zigutenik? Areago, nork sinetsi izanen luke duela lau urte gaur Nafarroako Parlamentuan euskararentzako lege berri bat lantzeko batzordea existituko zenik ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.