Espainiar eta britainiar ereduak

2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Irailaren 18an zer gertatuko den oraindik jakiteke, eskoziarrek honezkero irabazi dutelakoan gaude, honezkero eskoziarrak baitira beraien etorkizun politikoaren jabe bakarrak. Gainera, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko kontsulta Erresuma Batuko gobernuarekin adostuta, seguruenez Eskoziako gobernuak nahiko lituzkeen baldintza guztiak bete ez badira ere, eskoziarrek kontsulta berme juridiko guztiekin egin ahal izango dute. Jakina, irailaren 18ra begira EH Bilduk onena opa die eskoziarrei, independentzia, hain zuzen ere. Baina zenbaketan ezezkoa nagusitzen bada ere, Eskoziak demokraziaren eremuan egindako urrats erraldoia ere atzeraezina izango da. Erabakitzeko eskubidearen atea irekitzen denean ez baita berriro ixten.

Eskoziarrek eginiko bidean urrats ugari nabarmentzeko modukoak izanda ere, haietako bat bereziki ikasgai gisa azpimarratuko dut. SNPko kideek «Guztiok ondo bizi izateko independentzia» iritzi diote. Eztabaida politikoak aurrera egin ahala, nortasunari dagokion faktoreak indarra galdu du, bizimoduari dagokion faktorearen mesedetan. Gauza jakina da Erresuma Batuko gobernuak oso politika ekonomiko neoliberal bortitzak gauzatzen dituena, ongizate estatuaren arrasto guztiak desagerraraziz,osasungintza bezalako oinarrizko zerbitzu publikoak ere pribatizatuz. SNPk adierazi du Eskoziak independentzia beste eredu ekonomiko eta sozial bat izateko behar duela, besteak beste, osasungintza zerbitzu publikoari eusteko. Eta inkestetan baiezkoaren alde egingo luketenak ezezkoaren parean jartzen hasi dira. Katalunian ere burujabetza prozesuaren pizgailua egoera ekonomiko itogarria izan zen.

Gero eta kataluniar gehiagok ikusi dute espainiar Estatuaren barnean etorkizunik ez dagoela. Kataluniak ematen eta jasotzen duenaren arteko desoreka handiegia omen da, beraien ustez. Baina krisi latz honetan egoera politikoa leherrarazi duena espainiar Estatuak Kataluniarekiko behin eta berriz adierazitako mespretxua izan da. Gizarte zibil antolatuaren bultzada inola baliogabetu gabe, Espainiako gobernuaren itxikeriak inork baino independentista gehiago sorrarazi du Katalunian. Gaur egun, azken hamarkadetan oso sigla desberdinei boza eman dieten kataluniar gehiengo zabalek independentzia duintasun eta zentzu hitzekin lotzen dute. Kataluniako instituzioek herritarrei aditzeaz gain, prozesua honaino ekarriz, obeditzea ere erabaki dute. Mas-ek, ordea, ez du bere aurrean zein kontsulta, noiz eta nola egin adosteko prest ez dagoen Estatua topatu, ez. Entzuteari ere uko egiten dion Estatua dauka bere aurrean. Buruz buru hitz egiteari uko egiten diona.

Aurki Kataluniako instituzioek dilema zehatza argitu beharko dute: Espainiar Estatuari ala kataluniar gizarte gehiengoari kasu egitea.

Ez zaizkit, funtsean, Eskoziako eta Kataluniako prozesuak hain desberdinak iruditzen, biek ala biek bertako gizarteei beraien etorkizun politikoaren inguruan hitza eta erabakia ematea xede dutelako. Beraien aurrean dauden estatuak dira eredu desberdinak dituztenak.

Horregatik, erabakitzeko eskubidearen urte honetan, independentistok ez ezik, Euskal Herriko demokrata guztiok bat egin beharko genuke bai Eskoziako bai Kataluniako prozesuekin. Herritarrei hitza eta erabakia ematea demokraziaren oinarria baita.

Eta Euskal Herri independentea nahi dugunok ezin dezakegu aukerarik galdu; aurki Eskoziak Europako mapa politikoa eralda dezake, aurrekari garrantzitsua ezarriz, baina kataluniarrei ate astun hori irekitzen laguntzea ez da elkartasuna, geure buruari ate bera irekitzen laguntzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.