Itxaro Borda

Wesh Maubec Wesh

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Bihurgune batean omen gaude. Euskarari dagokionez, erran nahi dut. Badirudi, mugimendu tektonikoen mekanismoekin bezala, mugaren bi aldeetako hizkuntz plakak ari direla elkarrengandik urruntzen, hispaniar eta frantziar azpi edo gain korronte indartsuek bultzaturik. Hori gertatzen da gazteen artean eta gertatzen ari dena zuzentzen saiatzeko mila bide irekitzen dira, hizkuntza aldetik zerbait egokitasun bilatu aldera. Mintzairaren hilotza higitzen deino seinale ona dela uste dute batzuek, besteek, «euskararen biziberritzea» aipatu aitzin, doluzko minutuko isilunera deitzen gaituzten bitartean. Morbidotasunaren eta esperantza murritzaren artean bogan gabiltza, gogo-bihotzak sosegatuko dizkiguten arrazoiak bilatuz: 1. Goenkale hondarrean gaitzeko edo kristoren telesaila zen, 2. gero eta ekoizpen gehiago egiten da gazteei buruz eta 3. euskarak ehunka teknikari biziarazten du ekonomikoki, izan ipar ala izan hegoaldean! Ez dena batere gaizki. Beltza ez da euskal kolore bakarra, batura jauzi eginez alegia: black is not the new basque

Eskuak lau, begiak hamalau
AXPI

Tesi dotoreak egiten dira gazte euskaldun batek en fait edo porque ahoskatzen duen bezain laster. Eskerrak, hala ere, margenetako kanbiamendu linguistikoak aztertzen eta notatzen ditugula. Baliteke, haatik, euskararen iraupenaren baldintzetatik bat oinarrian hibridazioa edo kreolizatzea izatea, auzo hizkuntzei ebasten dizkiegun hitzekin. Ingelesari mailegatzen zaizkionak frantsesari edo gaztelerari hartzen dizkiegunak baino hobekiago ikusiak dira orokorrean, apalik diot, eta ez nuke heiteatua izan nahi horregatik. Maileguak garrantzitsuak dira, eta hobetsiak, mintzaira indartsuei egiten direlarik. Funtsean, gure hitzak begiesten baldin baditugu, ez dugu besterik egin, hartu, hartu eta hartu, sekulan deusezen itzultzeko gutiziarik gabe. Euskara bizitorea da, bizi da eta ez du hil nahi, eta bistan dena akademien, hizkuntza aztertzaileen edo irakasleen ereduak burrustan gainditzen ditu. Gainerako mintzairen parekoa da horretan. 

Behar dira gure arbasoen belaunaldiko hiztunak entzun. Haientzat ere uztailaren 14a quatorze juilleta zen eta epea delai bat. Garai hartan halaber, mailegu harrigarriak eta ironikoak egiten ziren, eta menturaz, baziren bazterretan jaidura linguistikoen egokitasun eza azpimarratzen zutenak. Klase sozial apaletako neskak kiskun-kaskun mintzo zirenean, apezak zeuzkaten aldamenean trufari: Tupintegiko Roxalik ez zion bonxur deneri... oroitzen? Idazleok askotan gatibatu ditugu hiztunen errateko molde arraroak, batzuetan burlatzeko, besteetan hizkuntzaren egoera errealaren lekukotasuna ekartzeko. Egia da gehienetan, eskartak egiten zituzten euskal hiztunak ez zirela alfabetizatuak, ez zekiten irakurtzen eta idazten. Eta gure kasuan bezala, hizkuntza bat baino gehiago bazeukaten burumuinetan, diu biban, eta hizkuntzen artean, nahitara ala nahigabe, eratorrian jostatzen zirela ematen zuen. Argi dago, ipar mugetako ihidietako euskaradunez ari naizela, beraien euskalduntasunaz segurtasun izpirik ez zuten haiez. Desagertu diren munduak... 

Mintzairak bataila zelaiak dira, garbiki. Tauledenuita eta mesanotxea gaurkoan borrokan dabiltza eta mesanotxea atera da irabazle. Berdinki bollera elea, euskaratik ezer ez duena, baina iparraldean lesbianaren sinonimo brantxatu zuzen moduan hedatzen ari dena, dirtyago delako eta hegoaldetik datorkigunez, gramatikalki eta lexikalki beste edozein baino egokiagoa iruditzen zaigulako. Badira gurean, erran errore 404 bat dela uste dutenak eta esan baliatzen hasi direnak, edo ‘J’ delakoak jota gisa ahoskatzeari ekiten diotenak. Hori al da euskararen batasuna deitzen duguna? Gurearen hispanizatze saio hori, preseski XIX. mendean landu zen iparraldeko batu hura behin betiko ahantzaraziz? Beste aldetik, ziur dago, euskara mota hau dela salbatuko eta ez iparraldeko eredu gosebera, nonbrearen legearen arabera. 

Baiona San Izpiritu auzoko Errepublika plazan nago hausnarrean. Trafikatzaile bastarten, pasaian diren emigrante beltzen eta neska gazte belatuen erdian. Euskaldun zaharrak ere hor dira terrazetan kafeak hurrupatzen. Agurtzen naute: wesh hamdula azken aldian telebistan ikusi nautela oihukatu eta hortzik gabeko ahoak zabalduz. Mundua, gurea barne, hondarrean desagertzeko partez, itxuraldatzen ari da tai gabean. Hitzez eta hotsez berritzen doa. Eta niri dagokidanez, azkenik, amore eman dut: bollera hitza onartzea erabaki dut bakar-bakarrik bukatzeko beldurrez, eta horrelakorik ez nuke nahi...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.