(Trigger ohartarazpena: trauma, disoziazioa, haurren aurkako indarkeria).
Etxeaz hitz egingo dut gaur. Datorren urtean argitaratu nahi dudan liburuaren lehen kapitulua Etxea deitzen da. Nire urtebetetzean, abuztuan, Axpik komiki bat oparitu zidan eta hura bilduz gutun azal zoragarri bat, berak eskuz apaindua: alde batean «Zorionak, Danele!», eta bestean barraskilo koloretsu bat, etxea bizkarrean daramala —2024an asko, baina asko-asko, ibili naiz handik hona—. Urtebetetze bereko beste opari bat Paco Rocaren Etxea nobela grafikoa izan zen, eta eskaintza-testuak zioen besarkadak ere izan daitezkeela etxe. Zorionez. Azken asteotan behin baino gehiagotan eskertu dut etxe-besarkada hori: parekoak zabaltzen dizkizu besoak eta hor eman dezakezu amore, hortxe utz dezakezu zeure zama osoa erortzen. Nire urtemuga larunbatez izan zen, eta jai hartu nuen, baina bai bezperan, bai biharamunean, Alison Bechdelen Fun Home itzultzen aritu nintzen; oraintxe argitaratu du Txalapartak.
Ez genuen inoiz gaia aipatu harik eta beste hizpiderik izan ez genuen arte.
Itzulpen bat bukatzen duzunetik kaleratzen den arte hilabete batzuk joaten dira gehienetan, eta nik horror vacui handia daukat, edo gauza asko egiteko pultsioa, edo efikaza baldin banaiz bakarrik maiteko nautelako sinesmen abisala —eta gainera autonomoa naiz—; horrenbestez, Fun Home euskaratuta bidali nuenetik atera denerako hilabete horietan beste hamaika gauzatan aritu naiz, eta harrigarria badirudi ere ia ahaztuta neukan, egunkari honetako kazetari Uxue Reyrekin liburuari eta Bechdel berari buruz telefonoz hitz egin nuen arte, nobela grafiko hori, berez, etxe bati buruzkoa ere badela. Parean dagoena batzuetan zaila da ikusten. Fun Home-ri buruz galdetu didaten aldiro komikiaren alderdi kuirrean eta familia-harremanetan eta trauman eta sexualitate ez-normatiboaren errepresioan zentratu naiz. Baina izenburuan bertan agertzen da etxearen figura, ezin uka. Eta etxea bada horren guztiaren —familia-harremanen eta traumaren eta sexualitate ez-normatiboen errepresioaren eta biolentziaren— gunea.
Argitzearren, titulua ingelesez utzi dugu obrak zabalkunde handia izan duelako bai liburu gisa baita musikal gisa ere, eta gainerako itzulpenek —ezagutzen ditugunek behinik behin, baina hogei inguru bai— horixe egin dutelako. Liburuaren barruan, ordea, hitz-jolasa itzultzen saiatu naiz: Bechdeltarren familia-negozioa ehorztetxe bat da (funeral home) eta horren laburdurak, fun home, «poz- edo alaitasun- edo zoriontasun-etxea» iradoki dezake; halako zerbait. Poz-etxearen alde egin nuen ehorztetxerekin nolabaiteko hoskidetasuna izan zezakeelako.
Izendapenari ironia gogotik dario, jakina. Nobelako protagonistak —autorea bera, haren gurasoak eta haren bi anaia gazteak— etxe berean bizi dira, eraikin neogotiko itzel batean, nor bere munduan. Komikiaren edizio batzuetako azalean jarri duten irudiak bikain islatzen du elkarbizitza bakarti hori. Etxearen marrazki handi bat, solairu bakoitzean familiako kide bat bere zereginetara bilduta, besteekin harremanetan jarri gabe. Irakurtzea, marraztea, musika jotzea, idaztea, eskuekin gauzak eraikitzea: jarduera asegarriak izan daitezke guztiak, arnasbideak zabaltzen dizkigute, baina disoziatzeko moduak ere badira. Ez naiz epaitzen ari, soilik aipatzen. Disoziazioa biziraupen-estrategia bat da, eta honaino ekarri gaitu, beste estrategia batzuekin batera (irakurri Nuria Gómez Gabrielen Traumacore).
Fun Home ez nuen neure etxean itzuli, etxez eta hiriz aldatzeko prozesu luzearen erdian baizik. Lehen ehun orrialdeak-edo nire neska-lagunaren gurasoenean itzuli nituen, kostaldera egun batzuk igarotzera joanda biok —uda mina zen—. Goizeko lan-saioaren ostean, liburuari buruzkoez kontu-kontari, esan zidan ez zeukala irakurrita. Goi-harridura. Euskaraz argitaratu arte —abendua, beranduenez— zain egon zedin eskatu nion. Berak bete du bere hitza eta nik nirea: atera denean oparitu diot, testu hau idazten hasi bezperatan. Testu hau idatzi bezperatan, izan ere, bere etxean geunden eta beheko bizilagunak garrasika hasi ziren. Lehenik haur bat, mila aldiz esanez hostia eta mi puta habitación eta dejádme en paz. Ezin genuen ez entzun. Ondoren, gizon ahots bat; bareagoa, askoz beldurgarriagoa: Aquí solo juro yo. Gaztelaniazko jurar aditza adiera zehatz horretan erabiltzearen bitxikeriagatik berreskuratu nuen arnasa, erabat disoziatuta. Ondoren, isiltasuna.
Abenduaren 22an irakurriko duzuen arren idazten ari naizen honetan hilak hamahiru ditu, 13/12, eta bihar manifestazioa egingo da Bilbon Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez lelopean. Hau irakurtzen duzuenerako manifestazioa pasata egongo da, baina arazoa ez. Etxebizitzak, oroz gain, bermatu beharreko eskubide izaten segitzen du. Bitartean, Donostiako Asanblada Transbollomarikak esan bezala, «heterodisidenteok […] etxebizitzaren desmerkantilizazioaren, desfamiliarizazioaren, publifikazioaren eta okupazio transfeministaren alde» egingo dugu.
Hasteko, etxea.