Uste genuen baino lehenago etorri da Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Eskoziako erreferendumari buruz ematea espero genuen erabakia, uste baino lehenago eta ustekaberik gabe,espero genuen terminoetan etorri baita.
Eskoziarrek galdetu zioten auzitegiari ea ba al zeukaten eskumenik balio legalik gabeko kontsulta gisako erreferenduma egiteko. Hau da, galdeketa horretan baiezkoak irabazita ere, ez zen ezer gertatuko, eta Eskoziak Erresuma Batuaren barruan segituko zuen. Inork espero zezakeen horrelako auzitegi batek ebatz zezakeenik William Wallaceren ondorengoek nahi zutenean eta nahi bezala dei lezaketela erreferenduma egitera,ez loteslea izanda ere?
Interesgarria izango da jakitea zein den eskoziarren B plana, eduki behar dutelako. Bazekiten, guk baino hobeto ezagutzen dituztelako inperioa izan zenaren egitura eta mentalitatea, ezezko biribila jasoko zutela bost magistratuengandik, eta partida Downing Streeteko egoitzan eta Westminsterreko ganberan jokatzera gonbidatuko zituztela. Erabakiak ere badu bigarren mezua, alegia, ez eramateko politikako arazoak auzitegietara.
Eskoziarrek Kanadako Gorenak Quebeceko independentzia prozesuaz hartu zuen erabakiaren aurrekaria zeukaten. Kasu hartan, a posteriori izanda ere, Gorenak ezarri zituelako aurrerantzean bete beharreko arauak. Hori testatu nahi zuten eskoziarrek, ea Erresuma Batuko Gorenak Kanadakoaren bidea hartu eta aferari behin betiko irtenbidearen gaineko irizpideak emango ote zituen.
Quebeceko erreferenduma 1995ean egin zuten, eta handik hiru urtera egin zituen publiko irizpideak Kanadako Gorenak: prozesua ezin da alde bakarrekoa izan, bi aldeek adostu behar dute eta galderak argia izan behar du. Printzipio horietan oinarrituta, Argitasun Legea onartu zuen 2000n Kanadako Legebiltzarrak.
Horixe bera nahi zuten eskoziarrek egitea Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak. Ezetza jaso dute. Ate hori itxita, orain, B plana.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Eskozia? Orain, B plana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu