Eskolaren klasismo berria

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Mendebaldeko gizarte honetan, eskolarena da, seguruenik, hiritarren zilegitasun maila handienetakoa duen instituzioa. Gizartearen konfigurazioan duen arduragatik, arazo sozialei buruzko eztabaiden erdigunean ezartzen dugu beti, bere funtzioa hobeki egiteko jasan beharko lituzkeen aldaketak etengabe diseinatuz. Zoritxarrez, baina, azaletik baino ez ohi dute aldaketok sistema eraldatzen, bakar batek ere ez baitio eskola funtsean den horri eragiten. Eskolaren kontzeptua ez baita zalantzan jartzen, eta oraindik jotzen baitira irakasleak, kalifikazioak, curriculuma, ikasgela edo irakaskuntza, ikasketa gertatzeko baldintza ezinbestekotzat. Eskola ez da gehiegi aldatu.

Bi norabidetan egiten du sistemak eskolaren aldeko aldarria. Ez eskolaratzeak haurrei lekarzkiekeen ondorio larriez ohartarazten ditu hautu hori egiten duten familiak. Askori, eskolak bakarrik ahalbidetuko lituzkeen onuren bitartez die amua irentsarazten, eta munduan norbait bilakatzearen ametsa saltzen. Funtsean, lan-mundurako baldintza diren tituluen igorle bakar izatea da haurren heziketaren ardura eskolari emateko gehienek duten inertziaren arrazoia.

Sistema ustez meritokratikoetan, tituluen metaketa da, ustez, gizartearen goi mailara iristeko bidea. Ikasle guziek lukete horretarako aukera, eta ezerk ez lieke, norberaren gaitasun eta ahaleginaz gain, arrakasta baldintzatuko. Balirudike hezkuntza-sistema ez dela garai batean bezain klasista, ez dugula jada klase sozialaren aldagaia aintzat hartu behar ikasleak eskola-kulturarekin izanen duen ibilbidea aurreikusteko, eta arrazoi dutela mandatariek berdintasunaren kalakarekin ahoa betetzen zaienean. Fantasia honetan datza eskola erakundeari gizarteak onartu dion zilegitasunaren oinarria, eskolak denei eskaintzen omen dien aukera-berdintasunaren zirian, alegia.

Denentzat iguala izateko eskolak duen borondatearen gezurra azaleratzen dute, ordea, estatistikek. Ezin baita igualitarioa izan ikasleen sailkapena —klasifikazioa—xede duen erakunde bat, zeren norberaren ingurugiro sozialak inplikazio sakonak ukanik, eskolara iristen diren unetik beretik badaude haur abantailadunak eta desabantailadunak, oso ezberdina delako etxetik dakartzaten zorroetan bakoitzak daraman laguntza. Berdintasuna ez da ikasle guztiei tratamendu berdina eskaintzea, bakoitzari behar duena ematea eta bere neurrirako emaitzak eskatzea baizik, eta horregatik, betikoak izanen dira irabazle eskolako lehia gupidagabean: eskakizun zorrotzei erantzuteko aski abnegatuak direnak, edota ingeles-akademia eta masterra ordainduko duten familietako seme-alabak. Lehiatik kanpo geldituko dira noizbait gainerakoak.

Heziketaren oinarrian beti dago lortu beharreko pertsona-profil zehatz bat. Hemen, gizarte kapitalista eta neo-liberalean integratzeko entrenamendua da, hortaz, eskola, non haurrek ikasten baitute beren interesa alboratzen—norbaitek berea inposatu ahal izan diezaien—; ikastearen poza kalifikazioaren sari geroratuaz ordezkatzen; denborarik ez galtzen; autoritatearen erranak obeditzen. Datorkien morroitzari tolerantzia garatzen. Gurearen antz handia du haurrek egun duten sasi-bizitzak, eskola-ordu, etxeko-lan, azterketa-prestaketa eta eskolaz kanpoko jardueretan kasik itolarrian.

Haurren bizitza bahitu eta irabazle-galtzaile sailkapena xede duen eskolak ez du gure baimena eta zilegitasuna merezi. Itzul diezaiegun haurrei duintasuna, munstroari erresistentzia egiteko ezagutzen dudan modurik ederrena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.