Ez da Nafarroaren egoeraren neurrikoa —zuk azaldurikoa kontuan harturik—, baina aste honetan gure herrian ere hitz egin da lege eta poliziez, eskola dela eta ez dela. Mallorcan, Balearretako Kultur Obra meritu onekoaren egoitzan aurkeztu zen Polizia, irakasleen mugimenduen erresistentzia kutxan bildutako diruaren «berri izateko». Taldexka espainolista batek jarririko salaketa bat zela-eta egin zuten, eta sekulako haserrea eragin. Are gehiago, kontuan izanik ordu batzuk geroago PPk inposatu ziola Balearretako Parlamentuari sinbolo lege polemiko bat, zeinaren bidez eskola publikoetan 'senyera'-k zabaltzea galarazten den. Gainera, isunak eta zigorrak ezartzen dizkiete ez bakarrik zabaltzen dituztenei, baita kentzen ez dituztenei ere.
Hala, zuen kasuan eta gurean, bietan nabarmentzen da estatuak halako obsesio bat duela eskolarekin, hezkuntzarekin.
Madrilen, fantasia bat dute buruan, eta, haren arabera, arazo guztiak eskolan sortzen zaizkie, nazio arazoak batik bat. Eta uste dut ez dela batere anekdotikoa eskola edukitzea jomugan, hain justu, Mallorcan eta Nafarroan —pentsatzen dut auzia handitu baino lehen aurre hartu beharreko neurritzat hartu behar dela…—.
Edonola ere, deitoragarria eta gaitzesgarria bezain argigarria da. «Haur katalanak espainoltzeari buruz» hitz egin zuen gobernu horrek berak irakasle nafar eta balearrengan gauza arraroak ikusteak agerian uzten du gatazka zuzena eta irekia dela, ez direla gure gobernua; baina, era berean, agerian uzten du—eta oso interesgarria iruditzen zait— naziorik badela administrazio mugen gainetik eta haiek halakotzat dutela, gutxienez, eraso bateratu baten moduan.
Enbaxada bila
Eskola obsesioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu