martxelo otamendi
Enbaxada bila

Erritmoa

2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Carlton hotela Bilboko erdigunean dago, eta egoitza esanguratsua da gure herriko azken mendeko historia politikoan. Espainiako gerran, hotel horretan jarri zuen egoitza Eusko Jaurlaritzak, eta eraikin horretan egin dira gure historia politikoarekin lotura daukaten ekitaldi garrantzitsuak, besteak beste, Elkarri-k 2004an antolatu zuen Euskal Gatazkari Buruzko Nazioarteko Jardunaldia, itzal handiko hamahiru adituren parte hartzearekin.

Ostiralean, hotel hori aukeratu zuen NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren armagabetzearen lehenengo urrats faktikoaren berri emateko.

Prestigio handiko adituek eta arituek osatzen dute NEB taldea, denak ibilbide luzekoak nazioarteko gatazken konponketa kudeatzen. Baina hori ez da nahikoa, nonbait, Espainiako Gobernuak, adierazpen jendaurrekoetan, burugabe eta manipulatzen erraz den jendetzat jotzeko. Segur aski, aditu horiek ez dute inongo prozesutan horrelako jarrera itxirik eta iraingilerik jasan. Harrituta egongo dira, beste hitz gogorrago bat ez erabiltzeagatik.

Kostako da, asko kostatzen ari delako, Espainiako Gobernuak jarrera aldatzea; eta aldatu ezean, irteera zaila dauka gure prozesuak, kartzela bakoitzeko bi sarrailetako bat Espainiako eta Frantziako gobernuek daukatelako. Bestea, gure herriaren esku dago.

Balora liteke ostiralean ikusi genuen ETAren urratsaren intentsitatea, eztabaida daiteke noiz etorriko den hurrengoa; baina urrats bat da, eta ez da txikia. Nazioarteko egiaztatzaileen bermea dauka pausoak, baina ez bakarrik ikuskatutako materiala erabileraz kanpo utzi dela dioen bermea, baita armagabetzeko erritmoaren bermea ere.

Eta erritmoak adostea, edukia adostea bezain garrantzitsua da bukaerara ondo iritsi nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.