Aste honetan, Martxelo eta Maria, Sophie in 't Veld eurodiputatueta Pegasus softwarea ikertzeko batzordeko txostengileak argitara eman ditu software horrekin Europan egindako espioitza masiboari buruz atera dituen ondorioak. In 't Veld Herbehereetakoa da, Demokrazia 66 alderdikoa, eta, Europako Parlamentuan, Ciudadanos dagoen talde berean dago.
Ondorio horiek, zeinak Batzordean eztabaidatuko baitituzte orain, oso gogorrak dira Espainiarekin. Ikerketetan ez laguntzea egotzi diote Espainiako Estatuari, baita, are, espioitzaren biktimak laidoztatzea ere, eta modu esplizituan azaleratu dute nolako aldea dagoen Espainiak Pedro Sanchezen, Grande-Marlaskaren eta Margarita Roblesen kasuetan eginiko ikerketen eta espioitzak eragin dien katalanen ikerketen artean.
Kataluniako klase politiko osoaren ustez, Espainiako agintariei etengabe kargu hartzen ari zaizkie Europako eta nazioarteko erakundeak —funtsean, Europako Batasuna, Giza Eskubideen Europako Auzitegia eta NBE Nazio Batuen Erakundeko zenbait instituzio—, eta horren beste adibide bat da txosten hau. Gainera, hain justu ere, hala Europako Batzordean nola NBEn erabaki zeharo garrantzitsuak hartzeko garaia hurbiltzen ari den honetan argitaratu dute txostena.
Hemen, nire herrialdean, gero eta agerikoagoa da zer gertatzen ari den: Europako eta nazioarteko erakundeak modu sistematikoan zedarritzen ari dira Espainiak noraino erabil dezakeen errepresioa eta noraino ez. Zedarritze hori interesgarria da, argi eta garbi, iraganera begiratuz gero, baina are interes handiagoa du etorkizunera begiratuz gero; eta ez soilik Katalunia gogoan hartuta, baizik eta baita oraindik ere Espainiako Estatuaren parte diren nazio eta lurraldeez gogoratuta ere.
Azkenean, hauxe geratzen ari da agerian: Europako eta nazioarteko instituzioak Espainiari esan eta esan ari zaizkiola ezin dela indarkeriaz baliatu independentziaren aldarrikapena erreprimitzeko, eta guztiz legitimoa dela indarkerian oinarritzen ez den eta jendearen funtsezko eskubideak urratzen ez dituen prozesu politiko bat erabiltzea.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Errepresioaz noraino baliatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu