Dakitenek diotenez, Alberto Catalan ez zen Yolanda Barcinari desafio egitera ausartuko, garaipena eskura duela usteko ez balu. Ortuzarrek Bizkaiko batzokiak baino hobeto ezagutzen omen ditu Catalanek UPNren egoitzak, eta, kontuak atera ondoren, aginte makila lortzeko aukera handia duela kalkulatu du. Baina gerra hasi besterik ez da egin. Bataila askorako tartea dago martxoaren 17a bitartean. Dena den, Barcina edo Catalan, Catalan edo Barcina, axola al dio? PSNko buru Roberto Jimenezek esan du gobernu alternatiboa osatzea dela PSNren lehentasuna, eta UPNren lema batek edo besteak eraman bost axola diola. Beste kontu bat da inork sinesten ote dion. Ezker abertzaleko bozeramaileek esan dute «eredu bera» ordezkatzen dutela batak zein besteak.
Ados, eredua bera da. Baina, batak edo besteak irabazi, ondorioak izango ditu Nafarroako politikagintzan, eta ondorio horietara egokitu beharko dute alternatiba osatu nahi dutenek. Catalan nagusitzen bada, nekez iraungo du Barcinaren gobernuak. Bere alderdiaren babes ia hutsarekin gobernatzen ari den agintariarentzat azken ezpata-kolpea izan daiteke alderdiko barne lehia galtzea. Gainera, Catalanek ez bezala, bi buruzagiren eskemaren aurka agertu izan da beti Barcina, alderdiburua eta gobernuburua pertsona bera izatearen aldekoa alegia. Beraz, alderdiburua bera ez bada, gobernuburua izaten ezin segi. Baina Barcinaren erregetza bukatu eta Catalanena hastea komeni ote zaie alternatiba osatu nahi dutenei? Catalan ez dute ustelkeria arazoek zipriztindu, alde horretatik ez dago Barcina bezain higatua, eta, batez ere, jakina da PSNrekiko elkarlan garaietara itzuli nahi lukeela, azken legealdietan elkarrekin eutsi dioten erregimenari egonkortasuna emateko.
Bi hitzetan: Barcinaren gobernuaren bukaera ekar dezakeela litzateke Catalanen garaipenaren aurkia, baina UPN arnasberri dezakeela, aldiz, ifrentzua. Barcinak irabazita, urak bere bidean. Gobernuak irauteko aukera handiagoa izango luke, UPNk gain behera dirudien PP horretatik gertu jarraituko luke, eta, beraz, lurrikararik ez epe motzean. Baina, akaso, PSNk gobernu alternatiboaren alde benetan egiteko aukera handiagoa litzateke. Txanponak beti ditu bi alde.
UPN barruko gerra lehertu baino lehen egin zuten buruz buruko mahai ingurua Uxue Barkosek eta Sabino Cuadrak Iruñean, Juan Kruz Lakasta gidari zutela, Euskalerria irratiaren 25. urteurreneko jardunen artean. UPNren gainbeheraz mintzatu ziren, azken hamarkadan Nafarroan agindu dutenen erregimenaren bukaera posibleaz. Madrilgo Kongresura iritsi zenean, PPkoak harroputz ikusi zituela azaldu zuen Cuadrak, baina dagoeneko begietako distira galdua dutela, jada ez direla «arrain freskoa», eta Barcinari gauza bera gertatu zaiola. Distirarik gabe, ez da inolaz ere arrain freskoa. Barkosek hiru faktore nabarmendu zituen UPNren gainbehera arrazoitzeko: ustelkeria, murrizketak eta ETAren jardun armatuaren bukaera. Orain badugu laugarren faktorea: barne zatiketa.
Zatiketa batetik sortu zen UPN, Jesus Aizpunen iritziz UCDk euskal mehatxuarekin epelegi jokatzen zuela iritzita. Barcinak aste honetan gogorarazi du UPN zergatik eta zertarako sortu zen, zergatik eta zertarako dagoen: abertzaleen «asmo eta ameskeriak garaitzeko jaio zen UPN». Ezin esango dugu jatorriarekin leial jokatu ez dutenik. Euskalerria irratiaren lizentziaren ukazioarena azken alea besterik ez da. Izan dadila gerra erabatekoa. Nafarroaren onerako, ekin gogor.
Handik eta hemendik
Erreginari xake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu