Pako Aristiren lagunak «Espainia gara eta» zioen. Eta nik ere Pakok bezala pentsatzen dut, alegia, herri honen historiaren transmisio egoki eta zuzenik ez dela egin. Ni ere mutu uzten naute zenbait jarrerak, baina ez daukat isiltzeko asmorik.
Erradikalegia naizela esan izan didate behin eta berriz. Muturrekoegia naizela euskaraz ez dakitenen aurrean. Muturrekoak jasotzeaz nekatu naizelako ziurrenik. Erradikal hitzak sustrai hitza omen dakarki bere jatorrizko hizkuntzan oinarri eta abiapuntu gisa. Nik ere argi daukat nire sustraiak non dauden errotuta, eta are argiago nire adarrak nora zabaldu nahi ditudan. Eta erradikala naiz, egia, baina ez erradikalegia.
Gure aita baserri batera jaso zuten umetan eta ez zuten eskolaratu koxkortu arte. Fraile eskolan gazteleraz ez zekielako zigortu eta jo egiten zuten, espainolez hitz egiten ez zekielako. Gogo falta eta errespetu falta leporatzen zioten ume elebakar gizarajo hari.
Ondoren, dagoeneko hiru umeren guraso zenean, Villabonako euskaltegian irakasle lanetan aritu zen, SOS egoera bati aterabidea eskaini nahian, sos apurrik jaso gabe noski. AEK euskaltegiak publiko egiteko ahaleginetan makina bat bilera eta aldarrikapen egina dela badakit, HABE euskaltegiak sortu aurretik.
Eta gezurra badirudi ere historia errepikatu egin da gurean. Gure alabak elebakarrak dira, euskara baino ez dakiten hiztunak, eta behin baino gehiagotan entzun behar izan dut sinesgaitza dirudiela. Niri ere mila bider deitu didate «kaxera» modu mingarri eta burlatian, gazteleraz akatsak egiteaz gain s-ak eta r-ak asko markatzen ditudalako.
Baina gero erradikalegia naiz euskaraz ikasteko asmorik ez duen euskal herritarraren aurrean castellanora lerratzen ez banaiz. Errespetu faltaz predikatzen hasten zaizkit. Niri hizkuntza eskubideak aldiro urratu eta zapaldu arren, badirudi ni naizela enpatiarik, begirunerik eta errespeturik ez duena. Ustez ofiziala den hizkuntzan aritzeko askatasunik ez dut, baina diglosia egoera honetan beste arlo askotan bezala gertatzen da: biktima izatetik erasotzaile izatera berehala pasarazten gaituzte.
Gure errua ere bada noski! Nik ez dut gure aitaren garaiko zigorrik nahi inorentzat, baina uste dut ez dugula goserik sortzen. Ez dugu premiarik sortzen, eta beharra da ikasbide eraginkorrena. Elebidun (edo eleaniztun) garen euskaldunok argi esan beharko genieke erdaraz soilik dakiten horiei arazoa ez dela gurea. Gu ustez ofizialak diren bi hizkuntzetan aritzeko gai garela. Eta mugatuta daudenak eurak direla, bakarra dakitelako. Guk, ordea, azkarregi eta errazegi jartzen dizkiegu erraztasunak euren hizkuntzara igarota. Beste behin nagusitasuna, garrantzia eta arrazoia eurek dutela sinetsaraziz. Agian Pako Aristiren lagunak arrazoi du.
EGUZKI EPELEAN
Erradikalegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu