Ezker abertzaleko zinegotzi ohia Iruñeko Udalean

Erorien Monumentua: ke lainoak

Elias Anton Murgiondo
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Argi mintzo gaitezen: Erorien Monumentuaren problema ez da ez juridikoa ez arkitektonikoa, politikoa baizik, funtsean. Jakina, han-hemenka aipatu diren argudioek ere badute garrantzia, baina, finean, politikoa da problemaren muina.

Urrundik heldu da afera. Egun mahairatzen den adieraberritzea lotua dago, zain eta muin, luzaz daramagun estrategiarekin, bai frankismoari bai haren basakeria eta herentziei dagokienez. Horrela adieraberritu zen garai batean, 1977an, eskatzen zen amnistia, eta bihurtu zen Zigorgabetasunaren eta Azken Puntuaren Lege, milaka agintari, militar, poliziarentzat..., Errepublikaren aurkako estatu kolpearen protagonista eta diktadurak egindako izugarrikerien errudun izan zirenentzat: hilketak, desagerpenak, kartzela, esklabo lana, ile mozketak eta irain sexistak, haur lapurtuak... Haiek guziak adieraberritu zituzten, eta lehengo postuetan jarraitu zuten.

Gero etorri zen Konstituzioa, 1978an. Hura onetsirik adieraberritu ziren frankismoaren bihotzeko erakundeak: borboien monarkia, estatu kolpea eman zuen armada, polizia eta haren Brigada Politiko-Sozial odoltsua, eliza (dena bedeinkatzeko), epaileak eta Ordena Publikoko Auzitegia… eta horrela gaur arte. Aski da pixka bat aztarrikatzea konstituzionala hitzarekin lotutako guzia, eta berehalaxe ageri dira demokraziaren aurkako herentzia usainduak eta erregimen zaharraren ustelkeria.

Aurrekoaren adibide garbia da Erorien Monumentua. Suebaki bat egin beharra zegoen Memoriaren arloko mugimenduak monumentua botatzeko eginiko etengabeko eskaeraren aurrean. Alferrikakoa izan zen hasierako adieraberritzea, erakusketa areto bilakatzea alegia. Ez zuen inork amua jan. Behar zen, beraz, antzaldatze mamitsuagoa, ur biziak baretzeko; zer edo zer kanbiatu, funtsezkoa bere horretan baratzeko.

Aurreko egunetan, EH Bildu-PSN-Geroa Bai hirukoaren akordioaren ondoren, talde horietako zenbait kidek azpimarratu dute badirela arrazoi juridikoak eraikina eraistea galarazteko. EH Bilduko hiru goi-kargudunek delako jarrera defendatu dute hedabideetan, aipatuz estatuko eta Nafarroako lege, epai, administrazio ebazpen, hirigintza katalogo eta abarren zerrenda luze eta zehatzak. Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak (PSN) estatuko araudi indarduna ekarri du gogora prentsan, baita Madrilgo Kongresuan une honetan egosten ari dena ere. Azkenik, Geroa Bai adieraberritzearen alde agertu da gaiaren inguruan egindako azken adierazpenetan, argudiatuz legezko behaztopa gaindiezinak eraisketarako.

Orain ez ditugu arrazoi horiek eztabaidatuko, nahiz eta adierazi behar den aditu batzuk hirukoaren iritziaren aurka daudela, eztabaida juridiko guzietan gertatu bezala. Nolanahi ere, esan daiteke ez dagoela legezko eragozpenik, hirukoak planteatutako adieraberritzean ez dagoenik, monumentua eraisteko: zati bat botatzea, kupula ezkutatzea... Hau da, orain udalak eta parlamentuak adieraberritzea lortzeko bultzatu dituzten akordio eta lege erreformak eginen balira eraisteko proposamen baten gainean, adieraberritzea bezain bideragarria izanen litzateke eraisteko proposamena.

Itzul gaitezen politikara. PSN-PSOE, frankismoaren oinarrizko zutabeen adieraberritzaile historiko hori, Memoriaren arloko mugimenduaren eta Iruñeko Udalaren arteko etenduraren onuradun nagusia da, gaur egun. PSN beti saiatu da, bai Nafarroan bai estatuan, trabak jartzen memoria demokratikoaren eremuan aurrera egiteko, mugimendu memorialistek estu hartu ezean. Berak eraman du gatazka honen ur guzia bere errota adieraberritzailera. Izan ere, ongi dago EH Bildu eta Geroa Bai etorkorrak izatea PSNrekin akordioak adosteko orduan; baina onartezina da norberak marra gorriak ez jartzea eta besterenak bete-betean irenstea. EH Bilduk eta Geroa Baik dantzatzeari utzi beharko liokete PSNren kriskitin-hotsen doinuan.

Indar demokratikoek parte-hartzea eta demokrazia aldarrikatu ez ezik, gauzatu ere egin behar dituzte. Prozesu honetan guzian, ekintzaileak eta Memoriaren arloko taldeak zokoratu eta baztertu dira. Beti itxi zaizkie erabakiak hartu aurreko eztabaidarako ateak. Eta orain, hirukoak akordioa adostu ondoren, eraisteko aukera erabat saihesten da aterabide gisa. Are gehiago, prozesu hori azkartzen ari dira (Udala eta Parlamentua), eta lur erreko gune bat sortzen, eta horrek are gehiago zailduko ditu elkarrizketa eta eztabaida, antolatu nahi izanez gero.

Dena dela, uste dugu gibelera egin litekeela hartutako okerbidean. Horretarako, nahitaezkoa da hirukoak bultzatutako prozedura geldiaraztea, prozedura horretan atzerapen bat adostea, informazio, sentsibilizazio eta eztabaida prozesu ireki bat hastea, bai gizartean bai erakundeetan eta, horren guziaren ondoren, mahairatutako aukeretatik bat ere ez arbuiatzea, gai hau demokratikoki konpontzeko.

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Jesus Casajus Martinez (parlamentari ohia), Sabino Cuadra Lasarte (Kongresuko diputatu ohia), Joaquin Iraizoz Bizkar (Oltza Zendeako zinegotzi ohia), Jose Mari Pastor Elgorriaga ‘Artzai’ (Ezkabarteko zinegotzi ohia), Marine Pueyo Danso (Iruñeko zinegotzi ohia eta parlamentari ohia) eta Angel Rincon Huarte (Cortesko alkate ohia eta parlamentari ohia), denak Nafarroako ezker abertzaleko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.