Gari Berasaluze.
KALAPORTUTIK

Ereiten

2015eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Urtero sasoi honetan bezala, liburu azoka heldu da Kalaportura. Ez da aparteko ezer ere. Garai batean, liburu berrienekin batera, ohiko liburu dendetan aurkitzen nekezak ziren liburu zaharrak, katalogoetan galdutako liburu bereziak, eta antzekoak izaten ziren erakusmahaietan barrena, eta azokatik itzulia egitea oparia zen, arrantza egitea, zer aurkituko duzun eta zein amuk kateatuko zaituen ez jakitea. Bilaketaren emozioa.

Gero, ordea, salduenak jan gintuen, eta liburuen bizitza gero eta laburragoa izaten hasi zen, bai liburu dendetan eta baita azoka ibiltarietan ere. Liburuak erosteko eta irakurtzeko moduak ere aldatu egin ziren, eta plazara azkena ateratakoarentzat eta gehien saltzen denarentzat soilik geratu zen lekua, urte osoko erakusleihoetan zein noizean behingo erakusmahaietan. Liburu azoketatik desagertu egin ziren liburu azoketan soilik aurki zitezkeen liburuak.

Orain, liburuak saltzen dituzten lagunekin solasean aritzeko aitzakia bihurtu da azokatik itzulia egitea, ez baitu beste askorako ematen erakusmahaietako eskaintzak eta giroak. Liburuak saltzen aurkitu dut E aste honetan, eta hiriburuan zabaldu duten liburu dendaz eta kultur laborategiaz aritu gara solasean. Liburu dendaz harago, literaturari, antzerkiari, musikari, argazkilaritzari eta askotariko ekimenei zabaldutako kultura sortu dute. Ateak ireki dituenetik, behin nik esandako zerbaitekin askotan akordatu dela esan dit lagunak. «Ereiten ari gara beti. Proiektu berriei tiraka, beharrezkoak direla sinetsita. Egundoko ahalegina egin, eta loratzen hasten direnean, hurrengoa ereitera».

Irribarrea marraztu eta banbuaz hitz egin diot. Uzta biltzeko, haziak ongarria eta iraunkorki ureztatzea behar du. Ez da nekazaria izan beharrik jakiteko. Baina ereindako haziari ere lasai utzi behar zaio bere bidea egiten. Berezia da, esaterako, banbu japoniarraren irakaspena. Hazia erein, ongarritu eta etengabe ureztatuta ere, zazpi urtean ez da ezer ikusten. Zazpigarren urtetik aurrera, ordea, hilabete eta erdian hogei metrotik gora hazten da banbua! Zazpi urte ematen ditu sustraiak prestatzen eta garatzen, isilpean, gero sei astean sendo loratzeko. Emaitzak berehalakoan ez ikusteak ez du esan nahi amore eman behar dugunik. Ongi ereiten eta zaintzen duguna beti loratzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.