Askotan esan izan dugu, Martxelo, badagoela euskal eredu bat, eta Espainiako Estatuak eginahalak egin dituela Kataluniako independentzia prozesua eredu horretan sartzeko. Horregatik saiatu dira hainbestetan, alferrik bada ere, independentismoa indarkeriarekin lotzen.
Baina aste honetan iruditzen zait beste zerbait ikusten hasi garela: nola ari diren eredu katalana esan diezaiokegun hori Madrilera esportatzen saiatzen. Espainian orain daukaten tentsio kolpistak gero eta antz handiagoa dauka urriaren 3tik aurrera Katalunian piztu zenarekin, erregearen hitzaldi lotsagarri hura tartean. Atentzioa ematen du pertsonaiak ere berak izateak; horra hor Cayetana Alvarez de Toledo entzutetsua, parlamentuan Pablo Iglesias probokatu nahian.
Eredu katalanaren arabera, parlamentuko tentsioa areagotu egiten da; konstituzioa eta demokrazia beretzat aldarrikatzen ditu eskuin postfrankistak batez ere; eta estatu kolpe postmoderno peto-peto bat antolatzen da, bost printzipiotan ardaztua. Orain, printzipio horiek kontra bihurtu zaizkio PSOEri, Kataluniako kontuan hain lagungarria izan zen alderdi horri.
Eredu katalanaren bost printzipioak hauek dira: Espainiaren batasuna demokraziaren gainetik dagoela; prozedura ez-demokratikoak erabil daitezkeela gobernu bat eraisteko; sakoneko estatua eraginkorragoa dela gobernua baino; estatu indarkeria erabat zilegizkoa dela; eta indar armatuek batasuna bermatzen dutela, eta erabakitzen nor den eta nor ez den konstituzionala.
Euskal ereduak bazituen printzipio horietako batzuk, baina beste batzuk harago doaz; hori argi ikusiko da Madrilen gertatuko den guztiarekin, Sanchezen gobernua jo eta eraisteko ahaleginean.
ENBAXADA BILA
Eredu katalana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu