Berriz pasa da. NBE Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Diskriminazioa Desagerrarazteko Batzordeak Espainia salatu du indarkeria obstetrikoagatik. Uztailaren erdialdean izan zen, hain zuzen ere, iaz Espainiako Medikuen Elkargoen Batzorde Orokorrak indarkeria obstetrikoa ukatu zuenetik urtebete betetzen zenean. Bertze behin, kanpoko erakunde batek agerian utzi du Espainiak giza eskubideak urratzen dituela. Baina, nola ez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bertze aldera begiratu dute berriz, Donostiako ospitalean indarkeria obstetrikoa egon ez zela baieztatuz. Tira, deus berririk ez...
Parentesi ttiki bat. Negazionismoa alde batera utzita, NBEn irizpen hau indarkeria obstetrikoa bukatzeko urrats ezinbertzekoa da. Eta garaipen honek agerian jartzen du, honetan ere, ezinbertzekoa dela erditze geletan sufritzen dugun erasoa salatzen jarraitzea. Nahiarena ez da salbuespen bat: bere bizipenaren bitartez anitzek berpiztu ditugu gure erditze traumatikoak. Horregatik, Nahiaren borroka eta garaipena gurea ere bada.
Erditze errespetatuaren aldeko borroka gutietsi da historikoki. Baina, azken urteetan, El Parto es Nuestro edo Dona Llum erakundeen ezinbertzeko borrokari batu zaio nazioarteko hainbat erakunderen bermea. Baina nola da posible inpunitateak irabaztea oraindik? Zer falta da osasun langileek indarkeria obstetrikoa existitzen dela onartu eta horren kontrako neurriak hartzeko? Zalantzarik gabe, konpromiso politikoa: erakunde publikoek hamaika arrazoi dituzte indarkeria obstetrikoaren kontrako neurri publikoetan lanean hasteko. Asmo politikoa falta da bakarrik.
ELE
Erditze errespetatuak, noizko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu