Friki hutsa zara. Liburuak irentsi zenituen eta filmen bertsio hedatuak berrikusi elkarrizketak buruz ikasteraino. Gerora, gabeziak ere badituela ikasi duzu. Esaterako, Bechdel testean suspentso biribila. Klase ikuspegitik ere, ez dakit zein jauntxoren semearen semea baino, langile antolatu bakarrak labe gori eta errauts artean bizirauten duten izaki arrazializatuak direlakoan zaude. Beti bezala, hemengoak orkoen etsai.
Baina baliteke irakurketa kutunena idazlea bera psikoanalistaren dibanean eserarazten duena izatea, trilogia osoan ezkontza instituzioaren aurkako aldarri subkontziente bat ikusten duena. Tolkienek Frodo hautatu zuen eta zuk Freud. Artista eta obra bereizi daitezkeelako, baina biak batera hobeto ulertzen dira.
Gazte maitemindu zen eta gazteegi ezkondu. Luze egin zitzaion. Baina Tolkien ultrakatolikoarentzat dibortzioa ez zen aukera bat. Errealitatetik ihesi, fantasian hartu zuen babes. Eta hara non fantasia horretan, hasieratik bukaerara, mila orrialde luzeko penitentziazko erromesaldi bat dagoen eta, Golgotakoaren ordez, Gorgoroth-ko kalbarioa igarotzen duten. Hori dena, piramide batean egon ordez, dorre baten puntan dagoen suzko begi batek denak zelatatzen dituen bitartean. Helburua bat eta bakarra: ezkontzaren sinbolo gorena, eraztuna, suntsitzea.
Frikikeriak frikikeria, The Lord of the Rings: The Ring of the Power telesail berria datorkigu irailean, eta oraingo honetan euskaraz. Poztekoa. Tristea, aldiz, EITBren lana Amazonek egin beharra. Aspaldi baita Sagarduiren osasungintzako aldaketa kulturala euskal bikoizketan praktikan jarri zutela.
Bitartean, Suneo, Vegeta eta Pipi Kaltzaluzeren ahotsak greban daude.