Erantzukizun sozial kolektibo baterantz

BERRIA.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Agintariak eskatu eta eskatu ari zaizkigu herritar garen aldetik erantzukizun kolektiboa erakuts dezagun COVID-19ari aurre egiteko. Zilegi al da erantzukizun kolektibo horren sendotasuna isunen beldurrean soilik oinarritzea? Normaltasunera pixkanaka eta mailaka itzultzeko sistema horrek eta segidan ezarritako murrizketa sortak funtzionatuko al lukete gomendioak balira, aginduzko betebeharrak izan beharrean, ez betetzea isunez zigortuko ez balitz? Prest al gaude, gizarte gisa, horretarako?

Erantzukizuna eta solidaritatea izango dira etorkizuneko giltzarria gure gizartean eta gure demokrazia kolektiboan eta indibidualean. Uste dut gizabidezko, pazientziazko eta erantzukizunezko ikasbide bat ematen ari garela herri gisa. Mugarria egun hauetan etorriko da, arintze deritzon horrekin, erronka sozial berritu bat planteatzen baitu: beharrezkoa al dugu zigorra, disuasio neurri gisa, normaltasun sozial berri horren eredua ezarriko duten arauak betetzen ez direnerako? Pandemiak aldatu egin behar al du gure eskubideen eta askatasunen erregimena?

Bi ereduotako bat hautatzea da gakoa: lehen eredua —artikulatzeko korapilatsuena baina, ezbairik gabe, sistema demokratiko bati ongien datorkiona— erantzukizun horizontalean oinarritzen da, kohesio sozialean, gure guztion arteko konfiantzan ainguraturiko kohesioan, herritarron eta administrazio publikoen (gobernuen) arteko kohesioan; alabaina, badirudi beste eredua hautatu dela, tartean zirenetatik bigarrena, sendotasun irudipen faltsu bat eman nahian: inposizio bertikalaren eredua, hots, administrazioaren autotutoretza errazera jotzea, artaldekeria sozial antzeko bat inposatzea, neurri hertsatzaileek eta isunen mehatxuek ematen duten beldurrak eragindakoa.

Makila eta azenarioa uztartzeko joerak, egiaz, esan nahi du ez dutela konfiantzarik gehiengo soziala osatzen dugunongan, guk erantzukizunez onartuagatik ere noraino mugatzen dizkiguten eskubideak neurri murriztaile horiek; hain zuzen, horren adibide argi askoa da Espainiako Gobernuaren jokabidea: Espainiako Barne ministro Grande-Marlaskak, 650.000 salaketa baino gehiago jarri eta gero, isunen gida bat igorri die gobernuaren ordezkaritzei; isunen zerrenda xehatu bat da, irizpideak bateratzen dituena jakiteko zer isun zaizkien aplikagarri alarma egoeraren errege dekretuak ezarritako arauak betetzen ez dituzten herritarrei. Hori al da bide egokia bere burua «zuzenbide estatu sozial eta demokratikotzat» daukan baten esparruan?

Joera horren guztiz bestelako bati segitu diote Alemanian: han, zigortzeari uko egin gabe behin eta berriro arauak hausten badira, Angela Merkelek herritarrenganako errespetuz eta enpatiaz jokatu du, eta krisia honela bideratzea proposatu: instituzioei ahalegin pedagogikoa eginaraziz, eta informazio kanpaina bat martxan jarriz, Alemaniako herri osoak parte har dezan gobernuen gomendioak betetzeko orduan, epidemia denen artean borrokatzearren eta, bide batez, erantzukizun kolektibo bat sortzearren, eginkizun partekatu gisa, den-denei dagokiena.

Leialtasun soziala ez da neurtu behar neurri inposatuei zaien errespetu akritikoaren arabera, zigorrik ez jasotzeko asmo hutsaren arabera; herritar gisa, herri gisa indarturik irteteko, matxinada zibiko bat behar da, solidaritatean eta erantzukizun sozialean oinarritua, eta ezinbestekoa da gizarte zibil kohesionatu gisa dugun indarra sendotzea. Ez gaitzatela harrapa iraganeko inertzia ahaltsuek, izan gaitezen erreaktiboak, eta, beste auzolan sozial batean arituz, berritu ditzagun, bultza ditzagun eta babes ditzagun gu baliagarri izan gaitezkeen ekinaldiak. Konkista eta zibiliza dezagun gure geroa. Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.