Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Eragin diezaiogun

2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Familian, txirrindularitzazale dezente ditugu. Gizonezkoak batez ere, edo hobeto esanda, soilik. Niri dagokidanez, Tourreko helikopteroaren hotsarekin lokartu izan naiz siesta orduan. Helmugara heltzear ezustean jotako esprinten batekin hunkitu izan naiz noizbait, akaso. Baina bestelakoan, batez ere haur garaian, hondartzara joateko garraioarekin erlazionatu izan dut bizikleta.

Azken urteetan, ordea, bizitzak zertxobait gerturatu nau beragana. Duela pare bat urte, esaterako, hiru eguneko ibilbide bat egin genuen etxeko ataritik abiatu eta Leitzarandik Nafarroara sartuaz, eta gero Bidasoatik barrena itzuli. Ordudanik, bidaia luzexeagoren bat egiteko gogoa piztu zitzaidan. Eta oraingoz, forma hartzeke jarraitzen du asmoak.

Une honetan, bestalde, Embrun herrian nago, urtero ospatzen den triatloiaren erdian. Eta hona heltzeko, oraindik ordaintzen ari naizen auto txikiari bizikleta euskarria jarri diot lehen aldiz. Lehen kilometroei lasai ekin genien arduraz, haizearen eragina antzeman eta ontzat eman arte. Eta bitartean, nire baitan, bidean gurutzatutako autoei erreparatzen hasi nintzen, zenbat punta-puntako bizikleta gurutzatuko ote genituen pentsatuaz.

Behin herrira heldu ostean, aspaldian piztutako hausnarketa elikatzen joan da ezinbestean. Ez ote dugun bizikletaren oinarrizko balioetako bat ahaztu, alegia. Kiroletik kanpo, eguneroko garraio gisa baliatzeko ere balio duela. Eta noski, guztion artean pedalei gehiago eragitekotan behintzat, bide seguru eta irisgarriak aldarrikatu beharrean gaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.