K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Erabakiak

2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit erabakiak hartzen. Zalantzatiegia naiz, erroetarainoko duda-pertsona. Aukera bat hartuta, galduko nituzkeen denak datozkit gogora, alegiazko bizitzen islak, balizko nere beste ni-en bizipenak, eta, orduan, zalantza, are handiagoa: eta utzitako horiek hautatutakoa baino hobea badira? Kapitalismoa aukeren efizientziaraino sartu zait: produktiboak behar dute erabakiek. «Duda dida doan dado bat da» zioen Maialen Lujanbiok Ornitorrinkus lanean: «Baina duda dado bada, duda bide bedi; duda da bide bi»; eta gero: «Atrebitu: ate bi ditu. Bi ate beti bi ote beti? Bi ate, bete ote».Bada, nik beldurrez begiratzen diet ate horiei, telebistako lehiaketa zaharkituetako irabazle aspirazioko galtzaileak nola: sentsazioa daukat A hartu, eta beti B izango dela zuzena, eta, une horretan, gentleman itxura eman nahi duen Colgate irribarredun aurkezle zuria azaldu, eta zurikeriaz esango didala: «Pena, ate okerra hartu duzu, baina hauxe da zure kontsolazio-saria!». Eta kontsolazio-saria nik hartutako erabakiz beteriko kutxa da: nire egungo bizia. Horra, amesgaiztoa, gaizki kalkulatu izana bizi erabakiak, edo Berri Txarrakek liokeen eran: «Kalkulatu al duzu aukerak dakarren galera horren neurria?/ Ta inoiz eman ote duzu urrats ergelen bat ondorioak doitu gabe?».

«Ez-dakit jendea» terminoarekin bataiatu gintuen Kattalin Minerrek Nola heldu naiz ni honaino liburuan. «Zer egin nahi duzu?» galdetuta, «Ez dakit» erantzuten duen jende klase hori, «Zer hartuko duzu?» esanda, «Berdin dit» dioena. Jende tipo hori. Badakizue. Dena dela, estrategiak garatu ditut egunerokotasunaren dudei aurre egiteko: tabernan, ia beti gauza bera eskatzen dut; izozki dendan nirekin dagoenak hartzen duen zapore bera eskatzen dut, inbidiarik ez pasatzeko; filmak hautatzeko, Interneteko puntuazioari egiten diot kasu.

«Noraezean ibili ondoren erabaki zuen amore ematea» idatzi zuen Lander Garrok Kontrarioa-n. Batzuetan, jasangarriak izango zaizkidan egoera horien aldeko amore emate txikiak dira erabakiak: koherentzia ideologikoari egindako traiziotxoak; koherentzia bezain eraikiak diren erraiei emandako lizentzia. Alegia, saiatzen naizela hautuak erabakitik izan dezan harakiritik baino gehiago. Bitartean, Pako Aristiren Erabakia olerkiak utzitako tatuajea daramat azaleko zalantzan, tatuatuak daramatzat erabakiak eta erabakien ezbaiak: «Erabaki bat/ eta hiru umeren aita/ inoiz maiteko ez duzun pisuan.[…] Erabaki bat/ eta Himalaian hilotz,/izotzaren irribarre basatia/ zure aurpegi zurian. […] Erabaki bat/ eta beste ez-erabaki baten/ higadurak erreko dizkizu erraiak».

Batzuetan, dena dela, alferrik da erabakitzea, eta kitto, eta horrela uzten dut, gauzak gertatu egiten baitira; adibidez, zutabeetan nire buruari buruz hitz egingo ez nuela erabaki nuen, baina hemen nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.