Donibanetik paseatzera atera naiz, lanaz ihesi, gauaren ordu txikietan. Kalea hutsik da, baina itsas bazterrera gerturatu orduko, hainbat lagun ikusten ditut euren kainaberekin zilarrezko altxorren peskizan. Denborapasa zinez ulergaitza iruditzen zait, baina ez noa epaitzera, guztiok ditugu aisialdirako ohitura txoro samarrak. Neurea bizikleta da, beste ohiturak bezain hutsala. Baina maite dut. Maite dut adibidez hiritik ihes egin eta Aritxulegiko basoan barneratzea, XXI. mendetik Harri Arora, han non inoiz neure arbasoak ibili ziren basurde ehizan edo auskalo zertan.
Bizikletan ibiltzea arriskutsua da ordea, eta asko ikasten duzu giza-abereaz. Ikasten duzu nahiago dugula, ahularekin enpatizatu baino, ahula gorrotatzea. Errepidetik zoazenean, auto bat gerturatzen da, eta, ezin aurrera zaitzakeela ikusten duenean, segituan degradatzen du zeure bizitzaren balioa, egitear dagoen maniobra arriskutsua, zeure bizitza hari batetik zintzilik jarriko duena, eragozpen moralik gabe egin ahal izateko. Ariketa psikologiko hori egingo ez balu, atzean itxarongo luke zintzo, baina ez du itxaron nahi, eta halabeharrezkoa du eragozpen soil zaren hori arratoi baten balioaren parera ekartzea, zeure bizitzak axola ez duela onartzeraino. Eta orduan, bruuuum!, zure ondotik igarotzen da abiada bizian. Hilko bazina, izorrai.
Torturatzailearen psikologia da: zeure aieneek zu akabatzeko gogoa baizik ez diote piztuko, zeure txikitasuna, zu hiltzeko galerazpena bainoago, zu hiltzeko arrazoi bilakatzen da. Horretan datza indarkeria polizialaren logika: ahulenaren ahulezia ironikoan.
Otegiren inhabilitazioaren harira Urkullu Lehendakari gorbatadunak eginiko deklarazioek, beraz, eta ziklista naizen aldetik, ez naute batere ezustean harrapatu. Handimandiaren logikari heltzen dio. Zeu zaude boterearen gailurrean, eta hurkoa ikusten duzu hauskor, ikusten duzu ataka zail batean, laguntza eske. Eta zinez zaila, gorrotagarri ez esatearren, egiten zaizu enpatizazio ariketa oro. Zeren eta, enpatizatuko bazenu, ezingo zenuke aurreratu. Zain geratu beharko zenuke, zintzo. Eta ez duzu nahi. Gailurraren abiada gozoan segi nahi duzu.
Beste kontu bat da halako pertsona sinple eta primitibo batek merezi ote duen Lehendakari izatea. Baina, izan, bada.
UDA BETIKO BALITZ
Enpatia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu