Enpatia gako

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pertsonek, bereziki gizonek, tradizioz «gizonenak» izan diren kirol lehiakorren esparruan identifikazio sutsuak garatzen dituzte kirolariekin, batzuetan «heroi» edo «jainko» moduan hartuz. Identifikazio horien ondorioz, norbere bilakatzen dituzte talde edo kirolari horien garaipenak eta porrotak.

Argazkiari erreparatuz, kontuan hartu behar da arestian aipatutako identifikazio prozesuak lehiaketa bitartean tentsio handia eragiten duela ikusleengan, eta lehiaketa amaitutakoan, nolabait tentsioa lehertu egiten da, hots, gorputza bere onera etortzeko, lasaitzeko, emozioen eztanda kanalizatu behar izaten da (negar eginez, txalotuz, ondokoak besarkatuz, salto eginez, besteak hitzez ala ekintzaz erasotuz, etab.). Mendebaldartutako jendartean oraindik sozialki ez da guztiz onartzen gizonek publikoki emozioak adieraztea. Alabaina, kirol esparrua salbuespena litzateke; arlo honetan emozio-adierazpen guztiak normaltzat hartu eta onartu egiten dira.

Gure ustez, errefuxiatuen egoera, emakumeen erailketak eta antzeko drama sozialak pairatzen dituzten talde edo pertsona horiekiko identifikazioak eta enpatia sustatzea izango litzateke gakoa. Horretarako esku-hartze integrala egin beharko litzateke, eta besteak beste, komunikabideek (bereziki, telebista-kateek) pertsona horiekiko jarrera aldatu beharko lukete. Izan ere, egun askoz ere tarte eta garrantzia handiagoa esleitzen zaio kirolari bereziki gizonezkoenari errefuxiatuei, indarkeria matxistaren biktimei eta antzekoei baino. Komunikabideetan ez ezik, ezinbestekoa da ere hezkuntzaren alorrean giza eskubideen urraketa pairatzen dutenekiko identifikazioa, enpatia, elkartasuna eta beste sustatzea. Zorionez, bada horretarako tresnarik. Besteak beste, bakerako hezkuntzan erabiltzen den «metodo sozioafektiboa» delakoa (Unesco, 1983). Metodo horrek deskripzioa, analisia eta antzeko metodo kognitiboak emozioak sortzen dituzten bizipenekin uztartzen ditu. Izan ere, egoera latz horiek gertatzen direla jakitea ez da nahikoa horiek pairatzen dituzten pertsona/herrialde/taldeekiko hurbiltasuna garatzeko. Haiek bizi izaten dituzten esperientzien antzekoak bizi izateak eta horietan norberak zein besteek izandako portaerak, sentimenduak eta antzekoak aztertzeak, ostera, egoera horiek ekartzen dutena ulertu eta horiek pairatzen dituztenekiko enpatia eta sentiberatasuna ekar ditzake.

Metodoaren nondik norakoak ulertzeko adibidea jarriko dugu. Demagun tratu txarrak pairatzen ari den emakume baten edo Siriako gerratik ihesi datorren errefuxiatu baten egoerari buruzko film laburra erakusten diegulahezi nahi ditugun pertsonei eta egoera latz horretan murgilduta dagoen pertsonaren tokian jartzeko eskatzen diegula. Metodo sozioafektiboa honako hiru urrats hauetan gauzatuko litzateke: lehenik, egoerak haiengan sortzen dituen emozioak sentituko lituzkete. Ondoren, emozio horiek sentitzeko arrazoien, bai eta egoera horri irtenbidea emateko egingo luketeenaren inguruan hausnartuko lukete. Azkenik, egoera horretan izango luketen jokabidea errealitatean ager dakizkiekeen beste egoeretara orokortuko lukete. Prozesu hori guztia, noski, ikaskideekin partekatuko lukete, hau da, denen artean komentatuko lituzkete bizi izandako emozioak, hausnarketa eta orokortzea. Modu horretan, besteak beste, pertsona/talde horiekiko identifikazioa eta enpatia garatzea lortuko genuke.

Agintariek ere badute zereginik. Izan ere, haien esku dago hezkuntza sistemaren zein komunikabide publikoen alorretan pertsona horiekiko enpatia, identifikazioa eta elkartasuna sustatzeko esku-hartze eragingarriak bultzatzea.

Guztion ardura da, beraz, jendartean giza eskubideak urratuta dituztenekiko identifikazioa eta enpatia lortzea. Ekin diezaiogun lanari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.