Kataratak eta glaukoma zeuzkan emakumeak, lauso-lauso begiratu zion medikuari: lehenbailehen operatu nahi dut. Gaur egun, kontu jakina da, halako kirurgiek ez dute problema handirik eragiten, argi dezadan, beraz, istoriotxo honen gako nagusia: emakumeak laurogeita hamahiru urte ditu. Medikuak pentsatuko zuen: «Adin horretan? Ez dauka-eta haria jostorratzeko txulotik pasatzen ibili beharrik!». Operatu gabe ere nahiko bizitza normala egin dezakezu, argitu zion medikuak, baina emakumeak, irmo: nola egingo dut ba bizitza normala ezin badut irakurri!
Txikitan auzo eskolan ikasitako apurra, hori du emakumeak diploma bakarra, baina eskola apal hartan ikasitako irakurketa, litekeen ikasketarik goratsuena, izan du bizi osoan bidaide fidel. Lehen, denetik irakurtzen zuen, bizitzaren enigma ulertzeko egarriz beti; orain, ordea, nobela beltzetako enigmekin entretenitzen ditu begi operatu berriak eta enigma handiari begiratu aurreko orduak.
HITZ BESTE
Enigma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu