Emakume langile soldatagabeak

BERRIA.
Amaia Astobiza Uriarte
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Silvia Federicik kritika zorrotza egiten dio Marxen teoriari; batez ere, eta labur esanda, generoaren auzia aintzat hartu ez izana leporatzen dio. Nolanahi ere, ez ditu Marxen esanak erabat baztertzen, eta baiesten du, besteak beste, Marxen metodologiak generoaz, klaseaz eta kapitalismoaren aurkako borrokaz hausnartzeko funtsezko baliabide eta kategoriak eman dizkiola feminismoari.

Federicik dioenez, Marxek aitortzen du lan-indarra, pertsonek lanerako daukagun gaitasuna, ez dela berezkoa, etengabe erreproduzitu behar dela, eta erreprodukzio hori funtsezkoa dela kapitalarentzat. Halere, Marxek (gaur egungo agintari askoren antzera) ez du inon onartzen lan-indarraren erreprodukzioak emakumeen etxeko lan soldatarik gabekoa dakarrenik berekin (hau da: haurrak sortu, zaindu eta haztea eta familietako kideen behar fisiko eta emozionalei erantzutea). Bere ustez, soldatapeko langileak aski du soldatarekin bere erreprodukzio beharrak asetzeko. Hortaz, etxeko lanak naturalizatu, eta horien ardura zutenak (emakumeak) bere teoriatik kanpo utzi zituen. Ez zien zilegitasunik aitortu soldatagabeei (emakumeei) kapitalismoaren aurkako borrokan; ez zuen kontuan hartu soldatak soldatagabeei ere eragiten diela eta kapitalak haiei ere etekina ateratzen diela. Horratx Soldataren patriarkatua, bere gordinean.

Irakurketa horrekin konforme ez-eta, Federicik eta beste feminista batzuek Marxen teoria aztertzeari ekin zioten 1970eko hamarkadan, eta ideia honekin egin zuten topo: Marxen aburuz, klase kapitalistak ez luke sekula onartuko horrenbeste etxeko lanek denboran aurrera egitea, baldin eta ez bazuen horiek esplotatzeko aukerarik ikusten. Horrek erakusten zuen etxeko lana ez dela kapitalismoaren aurreko lan arkaiko eta natural bat, denborarekin desagertuz joango dena, ezpada kapitalak berak sortutako lan bat, lan-antolamendu kapitalistaren zutarria. Hortaz, agerian geratzen zen emakumeek etxeko lanen aurrean azaldutako errefusak zerikusi zuzena zeukala klase-borrokarekin, eta berresten zuen ezen soldatapeko lanik izan gabe ere emakumeak langile-klaseko kide izan zitezkeela eta kapitalismoaren aurka borroka zitezkeela, eta borroka hori, gainera, sukaldetik has zitekeela, hori baitzen, funtsean, lan-indarraren produkzioaren «gune nagusia».

Produkzio-gune horretan egingo dugu emakumeok borroka aurtengo Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Horretarako, baina, ezinbestekoa da gizonek ere greban parte hartzea, nagusiki emakumeok egin ohi ditugun zaintza lanak eta etxeko lanak zuen gain hartuta, guk, emakumeok, mugimendu feministak antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko aukera izan dezagun. Horren harira, gure inguruko gizonek M8ko greba feministarekiko atxikimendua agertzeko egin ditzakezuen hainbat ekintza jasotzen dituen zerrenda bat zabaldu da, eta iruditzen zait, behin horretara jarrita, proposamen horietako batzuk urte guztira zabaltzeko modukoak direla. Izan ere, eta berriro ere Federiciren berbak hona ekarrita, «Emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira, eta antidepresiboen kontsumitzailerik handienak dira. Zergatik? Ez daukagulako denborarik gure buruei eskaintzeko, ez daukagulako denborarik gure egoera hobetzen lagundu lezakeen lan politikoa egiteko».

Gogaideak bakarrik ez, feminismoaren praktikatzaileak behar ditugu alboan, gizarteak (baita burkideek ere) gure bizkar gainean ipinitako zaintza-lanak eta gainerako etxeko beharrak gurekin batera partekatzeko prest dauden gizonak. Zuek hori egiten baduzue, gu ere arduratu ahal izango gara eztabaidarako testuak sortu eta argitaratzeaz, han-hemengo jardunaldi eta asanbladetan hausnartzeaz eta guztiontzat hobea izango den mundu baterantz joateko ezinbestekoak diren zubiak eraiki eta bideak urratzeaz. Eta ondo egingo dugu, ez izan dudarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.