K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Emakume bizardunak

2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bartzelonan izan zen. Bertan bizi nintzen askatasuna hiri handietako kantoietan aurkituko nuela pentsatzen nuen garaietan, kapitalaren mugikortasun eskariek metro linea amaigabeetan indarrak ahitzen zizkidaten bitartean. Oroitzen naiz bertako giro transfeministako festetan, bizarra zein bibotea zuten cisemakumeak zeudela, eta ez ile bat edo bi zeuzkatenak, ez, mataza handi bat zutenak baizik, propio utzita. Zergatik daude giro feminista hauetan aurpegian ilea duten hainbeste neska? Galdetzen nion neure buruari, inozentzia adina kuriositate; galdera, ordea, okerra zen, funtsean, ez baitzen honako hau baino berez galdetu behar nuena: Non daude aurpegian ilea duten emakumeak bizitzaren gainontzeko esparruetan: gure institutuetan, hondartzetan, gaztetxeetan, lantegietan?

Hirsutismo hitzarekin izendatu du medikuntzak emakumeek ileak izatea «berez emakumeek izaten ez dituzten tokietan»; eta izendatu ahala, patologizatu, noski, normalaren eta gehiegizkoaren arteko muga ezarriz. The Guardian egunkariak Female facial hair: if so many women have it, why are we so deeply ashamed? (Emakumeen aurpegiko ilea: hainbeste emakumek baldin badute, zergatik lotsatzen gara hainbeste?) artikulua argitaratu du egunotan, eta, ikerketa baten arabera, aurpegian ilea duten emakumeen %75ek antsietatea daukate. Antsietatea ematen baitu norman ez sartzeak. Beste datu batek eman dit arreta, dena dela: elkarrizketatuen parte handi bat ez litzateke sartuko ezta medikuntzak ere «ile gehiegitzat» jotzen duen horretan, baina «ile gehiegi» duela uste du, dena da eta neurriz gaindikoa korrektotasunaren neurgailua den feminitatearentzat. Funtsean, edozein emakume izan gintezkeen emakume horietako bat.

Raquel Pelaez kazetariak El País-en karrikaratu du beste erreportaje bat, eta ilea aurpegitik kentzen duten emakumeek ez edukitzeko zer egiteko prest ote leudekeen inkesta bidez galdetuta, %50ek adierazi du hilabetez utziko lituzkeela bere zaletasunak, horrela ileak joanen balira; elkarrizketatuen %36k sexua utziko luke, horrek aurpegiko biloa gutxituko balio.

Garesti ordaintzen da generoaren performancetik aldentzea, edertasunaren teknologia patriarkalei uko egitea; garesti ateratzen da ez sartzea moldean, sinetsarazi baitigute haragi dela binomioa, eta ez artefaktu konstruktibista bat. Sinetsarazi digute existitu existitzen dela emakume perfektu hori, depilatzen dena ia ilerik izan gabe, potea eta eyelinerra emanda jaikitzen dena, lirain beti.

Halakoetan, Virginie Despentes baino ez zait etortzen burura: «Emakume zuri, seduktore baina puta ez den hori, ondo ezkondua baina inoren itzalean bizi ez dena, lan egiten duena baina arrakasta handirik gabe, bere gizonaren gainetik ez gailentzeko, mehea dena, baina elikadurarekin neurotikoa izan gabe, gazte dirudiena beti baina kirurgia estetikoak desitxuratua ez dagoena [...]; emakume zuri zoriontsu hori... Kontua da ez dudala sekula ezagutu, inon ere. Are sinetsita nago ez dela existitzen». Imajinario kapitalista hetoropatriarkala irauli nahi badugu, hitz egin dezagun, bada, egiazki garen honetaz, ahoan bilorik gabe eta kokospeak iletsu (edo ez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.