Izenik gabeko izanak ere badirela nioen joan den astean, sare sozialen argi-ilun asko oraindik identifikatzeke izango ditugula, izendatu gabe. «Sare sozialak» bezala definitzen ditugu, zaku berean, forma eta tresna berdinak izango balira bezala. Bakoitzak, ordea, bere hizkuntza propioa, komunitatea, publiko hartzailea eta ordutegiak ditu; hiri bateko auzoen gisan. Ez da berdin bizitzen Indautxun edo Sanfranen, Alde Zaharrean edo Santutxun. Arauak ezberdinak dira, eta harremanak egiteko modua ere bai.
Sentsazioa daukat botaka egiteko ontzi izugarri handi bat dela Twitter, topea jarrikodion amaierarik ez duena. Gauak, resaka egunak edota konfinatutako pentsamenduek kolpatzen zaituztenean, tripak husteko plaza ezin hobea da Twitter. Horrek ilunak asko, noski, baina argiak ere baditu. Plaza horrek eskaintzen dizu nolabaiteko doako terapia komunitate bat, ziurtatuta daukazu hor nonbait izango dela norbait, momentu berean, segundo berean zure sentimendu, haserre edo pena berdina sentitzen. Edo zeure buruari onartu ez diozun zerbait idatziko du norbaitek, eta hain justu, entzutea behar zenuen hori bertxiotuko duzu (berXiotu esan behar da orain?), ezagutzen ez duzun norbaitekin inoizko konexio eta enpatia handiena sentitzeraino.
Arrotza suertatu daiteke pantailaz beste aldean dagoen ezezagun batekin zure erraiak partekatzeko ausardia izatea, baina, indibidualistago nahi gaituzten garaiotan, elkar entzutea besteko iraultzailea izan daiteke pantailen zirrikituetatik elkarrekin negar edo botaka egitea.
MELE
(Elkarrekin) negar egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu