Aita santu berriaren hautaketak eman dit egun batzuetarako denbora-pasarik. Bat-batean pentsatu nuen Frantziskorena, jesuita izanda, zuen Frantzisko Xabierkoarengatik izango zela eta sekulakoa antolatuko zenutela euskaldunok. Lastima, Frantzisko Asiskoarengatik izan baita azkenean, itzuli den italiar bat baita azkenean munduko azken puntako argentinarra. Horrek gogorarazi dit kuriak asko dakiela kontu horietaz, mugez eta mapez.
Txikitan, atentzioa ematen zidaten mapa erlijiosoek. Batik bat, ez zetozelako bat mapa politikoekin, eta, frankismo monolitiko haren garaian, deigarria izan ohi zen edozein desadostasun. Castello, esate baterako, Katalunia zen, eta kontu horrek harritu beharko nindukeen baino gehiago harritzen ninduen. Uharteak, valentziarrak ziren; gertakari liluragarria. Eta Zaragozak, Tarragonan sartuta, puska bat jaten zion; ez dakit gaur egun ere hala den oraindik. Eta, jakina, zuen herrialdea are dibertigarriagoa zen, edo are ulergaitzagoa. Oker oroitzen ez banaiz, batu egiten zituzten Iruñea eta Logroño, Jaka eta Donostia, eta Burgos Bilbon sartzen zuten. Ez dakit hala den oraindik ere.
Pentsatzen dut galoi kontua dela azkenean. Edozein estatuk hutsaren hurrengoa behar du izan, bi mila urte inguruko tradizioan nagusi izan den monarka absolutu baten ikuspegitik. Akordatzen al zara behin nola galdetu zioten Maori ea zer iritzi zeukan Frantziako Iraultzaz eta hark nola erantzun zien hori jakiteko artean goiz zela? Bada, iruditzen zait aita santuak ere gutxi gorabehera antzeko ikuspegia behar duela izan. Egokitu egiten dira, eta asko estutzen dituzte, baina gero nork berea egiten du beti.
Horregatik, ez nago hain ziur ere ba ote dakiten zertaz ari gatzaizkien geure probintzia erlijiosoak eskatzen ditugunean Erroman. Hobeto esanda: zalantza egiten dut ez dakiten edo gehiegi dakiten. Ez baita berdin, baina berdin dio.

Enbaxada bila
Elizaren mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu