Duela bost urte, eramandako dena irakurriko nukeen, hondarretan etzanda eguzkiak lehortzen ninduen bitartean; irakurtzeko gehien maite dudan modua da. Orain, berriz, maletan bi liburu eta ebooka hartuta, bidaiari itxaropentsuegia naiz.
Pertsona batzuek gogoratzen dute zein liburu irakurri zuten non, beste batzuek zein perfume noiz zeramaten gogoratzen duten bezala. Pertsona batzuek udan bakarrik irakurtzen dute, beste batzuek ezkontzetan bakarrik erretzen duten bezala. Pertsona batzuek udari ere ez diote tarterik ateratzen liburu artean murgiltzeko, beste batzuek karga mentala partekatzeko egiten ez duten bezala.
Nork bere oporrekin ahal duena egiten du, baina, bitxia da irakurtzearen praktikak jendartean sortzen duen erreakzio-sorta: «ez dut kontzentratzea lortzen», «niretzat ez dago libururik», «uf». Bitxia da, gero orduak ematen ditugulako eduki sortzaileen lana irakurtzen, edo gero ia denok desio dugulako —izanez gero— seme-alaba irakurzaleak ateratzea.
Irakurtzeak ez gaitu pertsona hobeak egiten —ondo azaldu zigun Goiatz Labandibarrek—, baina, laguntzen digu gure munduaren txikia ikusten, begirada beste unibertso batzuetan jartzen. Aldiz, sareak baino ez irakurtzeak autogorrotoa dakar askotan, existitzen ez diren bizimoduak eta gorputzak helburu bilakatzea.
Ez dakit non dagoen oreka, baina ziur naiz munduan denok dugula perfume onenak edo zigarroaren lehen zupadak bezainbeste gozaraziko digun liburu bat. Merezi du haren bila denbora pixka bat pasatzeak, besterik ez bada ere, beste unibertso batzuetara bidaiatu eta karga mentala arintzeko.