Patxi Larrion Galdeano.

Uraren sena

2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Senezko harremana dugu urarekin.

Ibaizabalek pozoitu zuen Resurreccion Maria Azkue. Lekeitiarra izaki, trebea zen igerian 87 urteko euskaltzaina. Senak ez zion agindu sabel garbiketarik eskatzea ospitalean, eta infekzioak eraman zuen «Resu» jaun hura.

Bidankozeko Mariano Mendigatxak harreman epistolar joria izan zuen Azkuerekin, joria eta konfiantzazkoa, besteak beste, sosa eskatzen baitzion arnoa erosteko, etxean ez zioten-eta ematen basoerdirako ere. Ura, Bintze ibaian; baina basoan, arnoa.

Abaurregainako Paxkualari telebistan aditu genion, «Urak barnea tristatzen du; pentsa, urak usteltzen ditu zurak, hala bada zer ez digu barnean eginen». Aetzak, senak bultzaturik, urak gorputzari ekar ziezaiokeen kaltea argudiatuta, ardoa hobesten zuen otorduak laguntzeko.

Uda betea dugu herrian, eta gurean, aldiz, otorduetarako estimatuen askako iturria dugu. Uraren kare maila altuak propietateren bat omen du. Inolako ikerketa zientifikorik egin ez bada ere, herri honetan begien bistakoa da kalparraren sarria, nekez topatuko duzu kasko soildurik Allingo Etxabarrin, eta ura edaten laketu ez diren horiengan kausituko dituzu soiltze bakanak.

Parisen ez da giro uraren kalitatearekin. Senak agindu beharko luke urarekin nola jokatu, uretan noiz eta nola aritu. Azterketa eta ikerketa anitz eginagatik ere, beste garai batekoak begitantzen zaizkigun bainuak hartuagatik ere, milaka milioi euro gastatuagatik ere, ezin izan dute Senan triatloi proba ganoraz egin. Senaren urak senez jokatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.