Patxi Larrion Galdeano.

Uraren oroimina

2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Hiri Buruzagira itzulirik, abuztu honetan ibai, erreka edo urmael bazterretan igarotako uneak errepasatzeari ekin diot.

Bi maitale Otsagabiko Anduñaren ibai-ohean, ez ditzaket martxo-apirilean toki berean irudikatzen ahal. Abuztuko emariaren urriak baimendu du laztanaldia.

Lagunen abaroa bilatu dut Atharratzen. Ühaitz bazterrean, hamabostean behin, ostiralarekin, ekopiknika egiten dute, Zuberoako laborarien mozkinak salgai, barbakoa, kontzertua aire zabalean eta egun hartan Ühaitzaren freskotasuna. Elkartzeak badu auzolanetik. Nekez horrelakorik apiril-maiatzean, Ühaitzandi kexu denean.

Langarra Malerrekan. Uraren bailarak dituzu haranok. Hauen emariak Bidasoa, Urumea edo Oria hornituko ditu. Urrutiñako Danbolin bordatik Iruñarrira abiatu naiz. Motteliturrietan pausa egin dut. Motxilatik Iñaki Iriarteren azken liburua atera dut. Uraren mirarizko dantzak ur berdea eta urdina bereiztea zaildu dit.

Baztan ibaiak zedarritzen du artearen ibilbidea Elizondon. Zazpi arte erakusketa J. Urrutia karrikan. Hurre, Txokoto zubia arratsean amaiezinezko selfie bilakatzen da. Erakusketaren bat bisitatu ote dute.

Sargoria Larriongo Txiputxan. Fortunato lanean ari baratzean. Zalantzarik ez du: ura denean, ureztatu.

Arga ertzean agurtu dugu abuztua. Ohi den gisara, niri egokitu zait afalondoko edabeen prestatzea. Oker ez banaiz, Frank O´Harak izotz eta ur hutsez moldatzen zituen koktelak. Zeozer gehiago darama nire jariguaiak.

Hogeita bi dira ura alboan idatzi ditudanak bost urtetoan. Ez naiz uretan zulorik egiten saiatu. Hori bai, adiskide: ur bat zure minari, ur bat gure minari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.