Patxi Larrion Galdeano.

Ur berdea, ur urdina

2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Eguerdi irian, bero sapa Allinen. Galdeano, Aramendia eta Munetako iturrien emaria dastatu ondotik, jada etxeko atarian, uztaia erauzi diot garagardo lata bati.

Larraitzak horitzen hasiak dira Lokiz eta Urbasan. Ur berdea agortzen ari da lurzoruetan. Ur urdina ere urritzen doa. Berdea zein urdina hornituko dituen euria hutsaren hurrengoa dugu. Azken hilabetean lau litro euri zenbatu ditu osabak baratzean.

Ur berdea eta ur urdina kontzeptuak Ane Zabaleta Lopetegiri ikasi genizkion. Lurzorua ur eurien pausalekua duzu. Landareek erabiltzen duten parte horri ur berdea esaten diogu, eta lurzoruan ibilian dabilen urari, erreka, ibaia eta akuiferoak helburu dituen horri, ur urdina.

Oreka zaila bi uren artean, helburu gatazka agerikoa baita. Arro basotuak CO2a xurgatuko du, klima aldaketaren ondorioak leundu ditu, baina hori obratzean ur kantitate handia baliatuko du, eta horrek ibaien emaria murriztea dakar.

Isurketarena dugu beste aferetako bat. Euri urak gero eta denbora tarte laburragoa ematen du biltegira edo ur emarira bidean, eta horrek higadura areagotuko.

Bestalde, ur biltegiak ugaritu dira. Aipatu hiru iturriok ur depositu handi bana dute ondoan. Ur hornidura mantentzeko eta sail ureztatuak hornitzeko ur urdina behar dugu.

Garagardoa akitu dut, mama honek ur berdea (laborea) eta ur urdina (biltegiratua) behar ditu. Zeruan hodei arrastorik ez.

Astebete igarota, oro da berdatu Lizarraldeko zeruan. Ondoko Aiegin, ordu erdi eskasean, 42 litro! Hiru laurdenak berehala bilakatu dira ur urdin Ega ibaian. Osabarenean hamar bat bota ditu... eta guk onddoak amets.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.