Hamalauna euro eguneko menua, azkar eta ondo. Aldameneko mahaian ez da iritzi bera, antza, mutur-oker baitabiltza eseri direnetik; hemen kexatzen denak badu arazoren bat bere klasea adierazi beharrarekin. Ez dakit zein koordenatutan, gasolindegi batetik 200 metrora, edozein herritako edozein taberna arrunt izan liteke hau.
Saiatuko nintzateke fikziozko zerbait idazten mahai honetatik ikusten dudan horretan oinarrituta, ez balitz istorioei amaiera txukunak emateko abileziarik ez dudalako. Hitz erdi bat ere elkarri esaten ez dion bikotea; banandutako aita, semearekin parez pare; euskalduntzat jo dudan lagun taldea; astero bertan bazkaltzen duen kamioilaria bidaiari uholdeagatik erretxinduta.
Errepideko atsedenlekuak bidearen efimerotasunaren arrasto bakarra dira. Restopak, edo denok lekuz kanpo gauden toki berdingabe horiek: habia faltsuak nonbaitetik norabait doazenentzat, munduan leku bat ez izatearen beldurra saihesteko.
Oporretan bisitatutako tokiak memorian edo smartphoneko galerian gordetzen ditugun bezalaxe, inoiz bisitatutako restopak ere gorde beharko genituzke gure oroitzapenen mapan. Alfajarin, eta autobus-literaren azken geldialdia dantzako lagunekin. Monegros, eta buffet garestiegia mukuru. Porta de Barcelona, eta DBH 4-ko ikasturte amaierako bidaia. Sobradiel eta errepidearen gaineko zubian K-rekin bazkaltzea, Berri Txarrak Gironan ikusi eta biharamunean.
Abisatu dizuet: ez naiz batere trebea amaierekin. Ederra izan da asteartero restop txiki honetan atseden hartzeko aukera izatea, jarrai dezala bidaiak.