Mauleko gazteluzaina negarrez: aurten turisten saldoa sekula baino meharragoa dela eta espartinak ezin sal. Donibane Garaziko komertsantak pleini ere omen. Baionako bestetan jende gutiago ibili dela? Zer diote Donostian edo Bilbon?
Hasteko, saturazioa pairatzen duten biztanleek basoa beti beterik ikusten dute —nahiago lukete beste zerbaitekin bete—, bereziki diru jaleek hutsik dela diotenean. Haiek (euskal) bixkotxa zatitu dute. Gerezi edo krema, berdin zaie, badueno burra. Eta badu, aski eta sobera. Ogroa begi gose, ordea, gurean bezala mundu osoan ere...
Ilarak karriketan, autobideetan, Everesten ere ilarak, eta lurrazaletik 515 kilometrora ere bai. Ilarak eta kutsadura; itsasoan eta zeruan zer erranik ez...
Duela urte batzuk, Bidarteko ingeniaritza eskolako ikasleek euskal bixkotx bat igorri zuten espaziora ikurrin eta guzi. Ez da EAEren (Euskal Agentzia Espazialaren) lehen saiakera izan, baina 1973tik azpimarragarriena bai. Orduz geroztik, urrats handiak egin ditu Agentziak —urrats ttipia humanitatearentzat, handia euskaldunontzat—: Lur-1 satelitea espazioratu berri du Elon Musken laguntzarekin.
Balentria hutsa ala aurrerapena? Hau ezin trenka. Sinets dezagun, politika instituzionalaren gisara, hori ere aurrerapauso estrategikoa dela burujabetzarako bidean. Gurea ezin salba eta orain espazioa konkistatu behar? Ez ote gara aseak beti destenorez ibiltzeaz?