Iban Zaldua.

Minijob

2024ko abuztuaren 11
05:00
Entzun

Amaiur gehien harritu duena, heldu delarik, argia da: guztiari darion argi epel, gozo, zaluak. Eta lorategi eta urmaelen atsegintasun horaziarrak, noski.

―Eta, zer deritzozu? ―galdetu dio ondoan agertu zaion bizar zuriko morroi batek.

―Ez dago gaizki ―erantzun Amaiurrek; azalpen gehigarriak jasotzeko prestatu da, baina isiltasunean egin dute aurrera bide urrekaran zehar.

Txorrota ugari dituen iturri baten ondora iritsita, Amaiurrek familiar egin zaion, baina hasieran guztiz ezagutu nahi izan ez duen makina bat ikusi du. Eta, alboan, alkandora egin berrien pila bat.

―Hemen duzu ba ―seinalatu dio bizardunak―. Inguru aparta, ezta?

Orduantxe jabetu da Amaiur: alkandoretan etiketak itsasteko gailua da, etxean azkenaldian erabiltzen zuena bezalakoa.

―Lan egiteko? ―galdetu du, harriduraz.

―Zertarako izango da ba? ―bizardunak iPad bat atera du, eta zerbait bilatu du―. Honen arabera, erretiro-pentsioa jarduera horren etekinekin osatzen zenuen.

―Baina hau ez al da Zerua?

―Guk ez diogu horrela deitzen, baina gurago baduzu... Edonola ere, erretiro osoa jasotzeko hamahiru urte falta zaizkizu, eta bitartean...

―Nola, hamahiru...? Hiru besterik ez zitzaizkidan geratzen eta!

―A, gobernuak, sindikatuek eta patronalak adostutako lege-aldaketa proposamena egon da bitartean: beste hamar urtez luzatu dute epea, oraingoan.

―Lege-aldaketa? Abuztuan?

―Halakoak beti egiten dituzte abuztuan. Hil ez ezik, atzo bertan jaio zarela ematen du...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.