Patxi Larrion Galdeano.

Makalaren firi-firia

2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

San Mamesko talaian eseri naiz. Basaranez betetako zorroa ondoan, Larrazuriko bocagea dut aitzinean. Haizeak salatzen ditu zuhaixka eta zuhaitz lerroak. Bocagea, basotxo eta heskaiez zedarrituriko paisaia, biodibertsitatearen bermea duzu.

Aginagako adiskidearen gaztigua jaso dut. Oihanen suntsiketak aitzina egiten badu, baso naturalak berreskuratu ezean, CO2a murrizteak ez du klimaren zoratzea konponduko. Munn eta Millan ikerlarien ildoari jarraikiz ari da. Burokrazia zientifikoa aldarrikatu ordez, poesia aldarrikatzen zuten bi ikerlariok: urak ura dakar, lurra dugu bulba eta landaretza emagina. Prozesu horri uraren poesia deitu zioten. Paisaia osasuntsuek ura landatzen omen dute.

Haize boladak San Mamesko talaian, ezkerrera so egin eta Iturtxipira doan bide soildua ikusirik, akordura etorri zait garai bateko makalen firi-firia.

1970eko abuztuan, Narziso eta Julian trontzan ari. Lurzatien biltzea gertatzen. Soiltzeak aurrerabidea omen dakar. Makalen lerroa zigorraren zain.

Ez zen makala zuhaitz horien funtzioa. Etxalde orok lurzati txiki bana zuen, eta horietan hiru bat makal. Etxe ondoko estalpean ikusten ditut ahuntzak eta ardiak makal adarrak miazkatzen, hezea sikatu arte. Zura sua pizteko zuzi bilakaturik.

Egun, makalak, abaniko haiek, historia dira. Noizbehinka ura daraman errekatxoa eta zume jator bat, iraganaren lekuko bakarrak. Lehengusuak esan didanez, indultua eman zioten zuhaitzari, Nazario zenak zumitzak baliatzen baitzituen saskiak egiteko.

Etxaldera noa, basaranak ura bezain gardena den likorean murgiltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.